Aurkeztu dute C.D. Elgoibarren mendeurreneko liburua

Barren.eus 2018ko abe. 12a, 14:10

Iaz bete zuen mendeurrenari buruzko liburua aurkeztu zuen atzo Club Deportivo Elgoibarrek, mendeurrena ospatzeko ekitaldiei amaiera emanez.

Koldo Lizarralde Elberdin (Pasaia, 1950) historialari eta idazleak idatzi du C.D. Elgoibarren ehun urteko ibilbidea jasotzen duen liburua. Inazio Bereziartua musika eskolako auditoriuma beteta zela egin zuten atzo liburuaren aurkezpen ekitaldia. Lizarraldek Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Jon Basurto C.D. Elgoibarreko presidentea eta Joseba Etxeberria futbolari ohia izan zituen lagun aurkezpenean. 100 urte bete zituen iaz Club Deportivo Elgoibarrek, eta horren harira hainbat ekintza eta ospakizun egin zituzten urte osoan zehar. Horien errepasoa egiten duen bideoa ikusiz hasi zen atzoko ekitaldia. 

 Bideoa ikusi ondoren, liburua aurkeztu zuten. Mila orrialdetik gora eta 800 bat ilustrazio ditu Lizarraldek idatzitako liburuak. Denboraldi bakoitzaren barruan jokatutako partida guztien emaitzak eta kronikak bildu ditu. Ehun urte, ehun denboraldi, eta kapitulu bakoitzak hamar bat orrialde ditu. Horrez gain, denboraldian zehar C.D. Elgoibarrek parte hartzen zuen beste kirol espezialitateen berri ere eman du.

 • Liburua 30 euroan salgai

Liburua salgai dago dagoeneko eta 30 euroan eskuratu daiteke. Pitxintxun, Gorostizan, Azkue argazki dendan eta klubak Mintxetan duen bulegoan eskuratu daiteke. Datozen bi zapatuetan, abenduaren 15ean eta 22an, liburua saltzeko postua ipiniko dute Kalegoen plazan, Jai Alai tabernaren alboan, 12:00etatik 14:00etara bitartean. 

2018 12 11 cd elgoibar mendeurreneko liburua aurkezpena mahaikideak

2018 12 11 cd elgoibar mendeurreneko liburua aurkezpena

 Lotura duten albisteak: