Gipuzkoako Arku Tiraketa Txapelketa jokatuko dute domekan Olaizaga kiroldegian

Barren.eus 2018ko abe. 11a, 13:54

Gipuzkoako arkulari onenak batuko dira domekan, abenduaren 16an, Olaizaga kiroldegian. Izan ere, modalitate guztietako aretoko arku tiraketa txapelketak jokatuko dituzte.

Gipuzkoako Federazioak eta Elgoibarko Zarta klubak antolatuta, Gipuzkoako Aretoko XXVIII. Arku Tiraketa Txapelketa jokatuko dute Elgoibarren abenduaren 16an. Olaizaga kiroldegian izango da, 9:00etatik aurrera.

Txapelketako sailkatze fasean lortutako puntuak Euskal Ligarako eta Espainiako Arku Tiro Federazioak antolatzen duen Posta Sarirako baliagarriak izango dira. Kalifikazioan 30 geziko bi serie jaurti beharko dituzte arkulariek, 18 metrora egongo diren ituetara. Arku modalitate guztientzako Gipuzkoako txapelketa izango da Elgoibarkoa: arku biribildua, arku konposatua, arku biluzia eta arku tradizionala (instintiboa eta longbow). Informazio osoagoa: ianseo.net

Zarta taldeko kideek Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa bat baino gehiago irabazi dituzte azken urteetan, baina Elgoibarko arkulariek txapelketak antolatzeko ere badute eskua. 2017ko ekainean aire libreko Euskal Herriko Txapelketa antolatu zuten Mintxetan, eta joan den otsailean Euskadiko Aretoko Arku Tradizionaleko eta Arku Biluziko VIII. Txapelketa antolatu zuten Olaizaga kiroldegian.

2018 12 11 arku tiraketa elgoibar olaizaga euskadiko txapelketa2018 02