Leire Egaña txapeldunorde Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2018ko abe. 10a, 20:23

Espainiako Ehiza Xeheko Txapelketa irabaztetik minutu eskas batera gelditu da Leire Egaña. Irabazleak adina eper ehizatu eta puntu kopuru bera lortu zituen arren, Lidia Perezek minutu bat lehenago aurkeztu zuen ehizatutakoa kontrol postuan eta berak irabazi zuen txapelketa. Arkaitz Egañak 11. postua eskuratu zuen gizonezkoetan.

Espainiako Ehiza Xehe Txapelketak, gizonezkoenaren 50. edizioa eta emakumezkoenaren seigarrena, jokatu zituzten abenduaren 8an Albaceteko La Roda herrian. Hogei ehiztari lehiatu ziren txapelketa bakoitzean eta Gaztela eta Leoiko ordezkari Lidia Perez gailendu zen emakumezkoetan, bi eper ehizatuta. Leire Egaña elgoibartarrak ere bi eper ehizatu zituen, baina Perezek 14:20an aurkeztu zuen ehizatutakoa kontrol postuan eta 14:21ean Egañak. Minutu horren aldeak erabaki zuen txapelketa eta Perez gailendu zen, 16 urteko ehiztari gaztea (ikus sailkapena -PDF-).

 • Arkaitz Egañak zorterik ez untxiekin
Gizonezkoetan Fernando del Campo ehiztari madrildarrak irabazi zuen Espainiako Txapelketa. 9:00etatik 14:31ak bitartean bost eper eta sei untxi ehizatu zituen, antolatzaileek ezarritako ehiza-kuota osatuz. Ehizaldian 36 kilometroko ibilaldia egin zuen Del Campok. Finalerdietan Iparraldeko sektorea irabazi zuen Ruben Fernandez errioxarra sailkatu zen bigarren postuan. Arkaitz Egañak bost eper ehizatu zituen, kupoa osatuz, baina ez zuen untxirik ehizatu. Hala, birritan Espainiako txapeldun izana den Egañak 11. postua lortu zuen oraingoan (ikus sailkapena -PDF-).
Gizonezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketak 50. urteurrena bete du aurten eta Espainiako Ehiza Federazioak txapelketa irabazi izan duten ehiztariak omendu zituen txapelketa jokatu aurretik, tartean Arkaitz Egaña. Txapeldunen arteko ehiza lehiaketa ere jokatu zuten abenduaren 9an, eta Egañak 8. postua eskuratu zuen.

ehiza espainiak txapelketa arkaitz leire egaa elgoibar podium biak

2018 12 09 ehiza espainiak txapelketa arkaitz leire egaa elgoibar