Elgoibarko Udaleko ordezkariek Bruselan jaso dute 2019ko Europako Kirolaren Herria izendapena

Barren.eus 2018ko abe. 5a, 18:15

Europako Kirol Herri izendatu du ACES Europe erakundeak Elgoibar, eta Bruselako Europar Parlamentuan egin zuten galan jaso zuten, atzo, Elgoibarko Udaleko ordezkariek izendapena aitortzen duen bandera.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Ramon Mugika Kirol Patronatuko zuzendariak, Blanca Larrañaga zinegotziak, Esther Lizarriturri eta Argiñe Gabilondo Patronatuko lankideekin batera, Bruselako Europar Parlamentuan ospatu zen ACES Europako sarien galan izan ziren abenduaren 4an. 

2019an Europako kirol hiri eta herri izendatu dituztenak saritzeko ekitaldian ACES Europe ordezkari nagusienek hartu zuten parte, Gian Francesco Lupatelli presidenteak, Hugo Alonso idazkari nagusiak, John Swanson presidenteordeak eta baita Lukas Vorel, Elgoibar bisitatu zuen ordezkaritzako kideak ere, besteak beste.
Udaletik jakinarazi dutenez, Ane Beitiak Elgoibarko gizartearen talde-lana eta konpromisoa azpimarratu zituen Bruselan, izendapena aitortzen duen bandera jasotzerakoanh. Udalaren edota administrazioaren lana ez ezik, Udalerriko kirol talde eta elkarteen esfortzua eta elkarlana ere goraipatu zituen, sinergia hauei esker, hautagaitza sendoa aurkeztea ahalbidetu duelako. “2019ari begira, ildo beretik jarraituko dugu, kirolak Elgoibarren geroz eta protagonismo handiagoa izan dezan. Kirola egitea gure identitatearen ezaugarri nagusia izaten jarraitzea nahi dugu. Herritar orori kirola praktikatzeko erraztasunak eskaintzen jarraituko dugu eta era berean, Elgoibar goi mailako kirol ikuskizunak jasotzeko prest dagoela erakutsiko dugu”, adierazi zuen alkateak.

Honako hauiek dira Elgoibarrekin batera Europako Kirolaren Herri izendapena jaso dutenak: Chianciano Terme (Italia), Gignac (Frantzia), Dudelange (Luxenburgo), Livigno (Italia), Jaca (Espainia), Prelog (Kroazia), Omegna (Italia), Torrijos (Espainia) eta Sesto Calende (Italia).

30 hiri eta herri baino gehiago saritu dituzte aurten 2001. urtetik banatzen dituzten sarietan.

 • Zergatik irabazi du Elgoibarrek saria?
Elgoibarko Udalaren hautagaitza baloratzeko unean, hainbat alor azpimarratu dituzte ACES Europe erakundeko kideek. "Alde batetik, ACES Europak, Elgoibarrek kirolaren balio unibertsalak zabaldu eta udalerrian kirola sustatzearen aldeko konpromisoa; eta, kirol eskaintza nahiz kalitatezko instalakuntzak bultzatzeko inbertsioetan egindako ahalegina nabarmendu ditu. Honez gain, Elgoibarrek azpiegitura berriak sortzeko aukera ematen duen administrazio desberdinen arteko lankidetzarako egindako esfortzua ere goraipatzen du, baita kirolaren sustapenean eta praktikan inplikatuta dauden eragile publiko, pribatu eta elkarteen lana ere".

Datuei erreparatuz, aipatu beharra dago, Elgoibarrek orain dela 40 urte martxan jarritako Eskola Kiroleko eredua aitzindaria izan dela, Gipuzkoa osora zabaldu baita. Kirol Patronatuari dagokionez, abonatuen kopurua nabarmendu dute (%40koa) eta arlo ekonomikoan, duen autofinantziaziorako ahalmena, %60koa. Aipatzekoa da baita Patronatuak antolatutako ikastaroek izaten duten harrera positiboa, guztira 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartzen dute hilero. Emakumeek gainera geroz eta presentzia handiagoa dute eta ezinduei zuzendutako eskaintza ere oso zabala da. Igeriketari dagokionez, zaletasun handia dago herrian. Ikastaroen kasuan konkretuki, hilero 400 ikasle inguruk parte hartzen dute eta herritarren eskaera honi aurre egiteko jarri du martxan Udalak, besteak beste, igerileku berria egiteko proiektua.

Guzti honez gain, herriko boluntarioen, kirol talde eta elkarteen lanak ere pisu handia izan du izendapenean. Aipatzekoak dira C.D.Elgoibarren mendeurrena; Sanlo Eskubaloi Taldeak emakumezkoen kirola sustatzeko egiten duen lana; munduko hamar kros onenen artean dagoen Mugertza Krosa, edota aurten bere XXVIII.edizioa beteko duen Nazioarteko Xake Txapelketa. Bertatik pasa dira Vesselin Topalov bezalako txapeldun handiak besteak beste.