Felix Sanchez Arrazolak Mugertza Krosean egindako argazkia izendatu dute atletismoko urteko argazki onena

Barren.eus 2018ko abe. 4a, 21:59

Felix Sanchez Arrazola argazkilari oñatiarrak 75. Mugertza kroseko irabazleari, Selemon Barega etiopiarrari, Mintxetako helmugan ateratako argazkia izendatu berri dute atletismoko urteko argazki onena IAAF Photograph of the Year award argazki lehiaketan, Monacon. 

Bedeinkapena izena jarri zion argazkiari Felix Sanchez Arrazolak (Fotorunners), Mugertza krosean lortutako garaipenagatik zeruari eskerrak ematen ageri baita argazkian Selemon Barega, Mintxetako pistan belaunikatuta.

Lau argazki lehiatu dira finalean, eta lau laguneko epaimahaiak Bedeinkapena aukeratu du onenentzat. Sari banaketa ostean pozik agertu da argazkilaria: "Niretzat ohorea da sari hau jasotzea. Niretzat eta baita Elgoibarrentzat ere", azaldu du. Zigor Diez Mintxeta Kroseko arduraduna ere pozik agertu da oso sariagatik, "hunkituta" dagoela esan du.  Felix Arrazola saria jasotzen ari den argazkiarekin batera "Elgoibar munduan" zioen mezua zabaldu du sare sozialen bidez. Mugertza Krosaren 75. urteurrenari amaiera emateko modu paregabea dela aipatu du. Eta poza osoagoa izango litzateke Selemon Baregak Atleta Gazte Onenaren saria irabazi izan balu, bost hautagaietako bat baitzen antxitxikari etiopiarra. Armand Duplantis pertika-jauzilari suediarrak irabazi du saria. Berarentzako saririk eskuratu ez arren, Selemon Barega pozik dago argazkilari oñatiarrari eman dioten sariarekin, eta argazkiaren bere bertsioa ere egin du Twitterreko bere kontuan erakutsi duen moduan.

2018 12 04 IAAF gala monako felix sanchez arrazola selemon barega

2018 11 27 salemon BAREGA bedeinkapena felix sanchez arrazola mugertza krosa

∞Lotura duten albisteak: