Mendeurrenaren liburua aurkeztuko du Club Deportivo Elgoibarrek abenduaren 11n

Barren.eus 2018ko aza. 30a, 12:01

100 urte bete zituen iaz Club Deportivo Elgoibarrek, eta horren harira hainbat ekintza eta ospakizun egin zituzten urte osoan zehar. Azkena, mendeurrenari buruzko liburua izango da. Abenduaren 11n aurkeztuko dute Koldo Lizarralde Elberdin (Pasaia, 1950) historialari eta idazleak idatzi duen liburua.

WhatsApp Image 2018 11 30 at 10.13.15Aurkezpen ekitaldian Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Jon Basurto C.D. Elgoibarreko presidentea eta Joseba Etxeberria futbolari ohia izango dira, besteak beste, eta Garazi Ayestak gidatuko du saioa. Musika eskolako auditoriumean izango da, 20:00etan hasita. 

Mendeurreneko antolakuntza taldeko kideek Koldo Lizarralderi eskatu zioten klubaren historiari buruzko liburua idazteko, eta zailtasunak zailtasun, kaleratzear da lana. Lizarraldek BARREN aldizkariari eskaini dion elkarrizketan nabarmendu du Elgoibarko kirolaren oinarria izan dela Club Deportivo. "C.D. Elgoibar izan da Elgoibarko kirol guztien oinarria, hau da, kirol espezialitate guztiak C.D. Elgoibarretik sortu dira: pilota, txirrindularitza, eskubaloia, mendizaletasuna... Morkaikoren aurrekari izan zen Eup mendi taldea bera C.D. Elgoibartik sortu zen".
C.D. Elgoibarri buruzko informazio mordoa batu du eta informazio horri forma ematea asko kosta zaiola aitortu du. "Berez iazko urte amaierarako bukatu behar nuen liburua, baina ezinezkoa egin zitzaidan. Abendurako informazio bilketa amaituta neukan, baina gero dena idatzi eta errepasatu egin behar da. Uste baino lan handiagoa izan da, eta tartean gainera, emazteari ebakuntza larria egin behar izan zioten eta ezin izan nion nahi beste denbora eskaini liburuari. Kirol modalitatearen arabera sailkatzen hasi nintzen lehenengo informazioa, baina ez zen modurik onena. Azkenean denboraldika egituratu dut liburua. Futbol denboraldia irailean hasten da eta ekainean bukatu. Denboraldi bakoitzaren barruan jokatutako partida guztien emaitzak eta kronikak bildu ditut. Horrez gain, denboraldian zehar C.D. Elgoibarrek parte hartzen zuen beste kirol espezialitateen berri ere eman dut. Ehun urte, ehun denboraldi, eta kapitulu bakoitzak hamar bat orrialde izango ditu. Mila orrialdetik gora eta 800 bat ilustrazio izango ditu liburuak, eta hori informazio pila bat kanpoan utzi dudala", azaldu du.

2018 11 27 koldo lizarralde cd elgoibar liburua mintxeta

 Lotura duten albisteak: