'El Ingles' dokumentala sarean ikusgai jarri du James Slaterrek

Barren.eus 2018ko aza. 28a, 20:40

David Slater atleta ingelesa da El Ingles dokumentaleko protagonista, eta Azkarateko igoeran 1981ean ezarri zuen errekorra jasotzen du, besteak beste. Slaterren seme James Slater zinegileak egin zuen dokumentala.

James Slater eta David semeak 2016ko uztailean eskaini zuten El Ingles dokumentala Elgoibarren, Ilkley-ko zinemaldian estreinatu eta gero. Kultur Etxea jendez bete zen David Slaterren kirol ibilbidea jasotzen duen dokumentala ikusteko. Orduan ikusteko aukerarik izan ez zutenek Interneten ikus dezakete orain, duela pare bat hilabete Vimeon ikusgai jarri baitzuen El Ingles dokumentala James Slaterrek. Zinegilea da James Slater.

2015ean jokatu zuten Azkarateko Igoeran jasotako irudiekin eta 1981eko errekorraren lekuko izan ziren hainbat elgoibartarri eginiko elkarrizketekin osatu du Slaterrek El Ingles dokumentala. Bere aita, David Slater da, baina, dokumentaleko protagonista. Bere jaioterri Bradford-en nola hasi zen atletismoan kontatzen du, batik bat, baina Elgoibarrekin izan duen harremanean zentratzen da bereziki. Izan ere, 1980. urteko Mugertza krosean parte hartu ostean (4. postuan sailkatu zen), berriro etorri zen Elgoibarrera 1981. urteko maiatzean, Luis Santolayak gonbidatuta. Oporretara etorri bazen ere, Roy Fowler ‘Azeri gorriak’ 1966an Azkarateko igoeran ezarri zuen marka (21:20) ontzeko ahalegina egin zezan zirikatu zuten, eta onartu egin zuen desafioa. Ikusmin handia sortu zuen herrian Slaterren ahaleginak, eta lagun asko batu ziren Azkarateko bide bazterretan. Slaterrek berrogei segundoan ondu zuen Fowler herrikideak eginiko denbora, eta hogei minutu eta berrogei segundoan laga zuen errekor berria.
Julian Azkuek bideoan grabatu zuen Slatterren igoera eta irudi horiek ere sartu ditu James Slaterrek El Ingles lanean. Proba zuzenean bizi zuten hainbat elgoibartarren testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak.

Hona hemen El Ingles:

EL INGLES from james slater on Vimeo.

 • Azkarateko Igoera

Maalako jai batzordeak 2011n antolatu zuen estreinakoz Azkarateko igoera herrikoia, Mintxeta Atletismo Taldearen eta Gure-Bide txirrindularitza elkartearen laguntzarekin, David Slaterrek 1981. urtean ezarri zuen marka (20:40) gogoan. Slater bera etorri zen Elgoibarrera estreinako edizioan proba jarraitzera, eta berriro itzuli zen 2016an, bere seme James-ek aitaren eta Azkarateko igoeraren inguruan eginiko dokumentala aurkeztera. Iaz ez zuten Azkarateko igoerarik antolatu Maalako jaiak antolatzeko zailtasunak zituztela jakinarazi baitzuten antolatzaileek.

∞ Lotura duten albisteak: