Iñigo Larizek bigarren egin du Zegamako kilometro bertikalean

Barren.eus 2015ko mai. 17a, 12:36

Zegama Aizkorri Kilometro Bertikala jokatu zuten estreinakoz joan den barixakuan (maiatzak 15). Gizonezkoetan Josep Viñas izan zen azkarrena eta Iñigo Larizek egin zuen bigarren denborarik onena, irabazleak baino 11 segundo gehiago, hain justu ere. Zegama-Aizkorri mendi maratoia jokatu dute gaur, baina lasterketa irabazteko faboritoen artean zegoen Maite Maiorak ez du parte hartu, belauneko lesio bat dela-eta.

165 korrikalarik lortu dute lehenengo Zegama Aizkorri Kilometro Bertikala amaitzea. Arriaunditik (Zegama) irten eta Aitxurira, 1520 metrora, igo behar zuten parte hartzaileek, 1015 metroko desnibela gaindituta. Alabaina, antxitxikariak ez ziren Atxuriraino iritsi, eguraldi makurraren ondorioz, ibilbidea moztu egin zutelako antolatzaileek. Hala ere, lokatz ugarirekin topo egin dute korrikalariek bidean, CarreraspormontañaTV-koek grabatutako bideoan ikus daitekeen moduan (beherago duzue bideoa).
Gizonezkoetan Josep Viñas katalana gailendu zen, 34 minutu eta 27 segunduko denborarekin. Bigarrena, —txiparen arazo bat tarteko hasieran emaitzak hala azaldu ez bazuen ere  ere—, Iñigo Lariz elgoibartarra izan zen (34:27) eta hirugarrena, Didier Zago (34:42).
Emakumezkoetan ere antxitxikari kataluniar bat nagusitu zen, Laura Orguék egin zuen-eta denborarik onena: 40 minutu eta 23 segundo. Bigarren sailkatuak, Stephanie Jimnezek, hiru minutu gehiago behar izan zituen: 43:28. Hirugarrena Vanesa Ortega izan zen (44:44). *Goiko argazkia: www.mendialdiak.com
Zegama Aizkorri Kilometro Bertikala kilometro bertikalen Euskadiko Koparako proba puntuagarria da. Bost probek osatzen dute Kopa:

  • 2015-05-09.......... Defi du Petit Train (Azkaine)
  • 2015-05-15.......... Zegama-Aizkorri KB (Zegama)
  • 2015-09-20.......... Beriaingo KB (Uharte-Arakil)
  • 2015-10-10.......... Anbotoko KB (Atxondo)
  • 2015-10-25.......... Araia-Aratz KB (Asparren)

2015 05 15KVZegamapodiummutsport4.es• Maite Maiora belaunean min hartuta
Zegama-Aizkorri mendi maratoia urteko helburuetako bat da Maite Maiorarentzat -iaz hirugarren egin zuen-. Aurten ere ilusioz beteta zegoen parte hartzeko, eta, azken asteetan lortu dituen emaitzei erreparatuz gero, sasoi betean zegoen gainera. Hain zuzen, parte hartu duen azken lasterketetako batek eragotzi dio gaur Zegama Aizkorrin parte hartzea.

Fedmek antolatutako Espainiako mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen Maiorak, apiril bukaeran, Malagan. Probaren erdi aldera baina, erorikoa izan zuen eta min hartu zuen belaunean. Proba amaitzea lortu zuen arren, ondorengo egunetan belauneko arazoak larritu zaizkio eta ez da Zegama Aizkorrirako garaiz sendatu. Hala, ez parte hartzea erabaki zuen, Zegamako irteeran izan bada ere gaur.