Felix Sanchezek Mugertza krosean ateratako argazkia da finalistetako bat atletismoko urteko argazki onena aukeratzeko lehiaketan

Barren.eus 2018ko aza. 27a, 15:39

Felix Sanchez Arrazola argazkilari oñatiarrak 2017ko Mugertza kroseko irabazleari, Selemon Barega etiopiarrari, Mintxetako helmugan ateratako argazki hau da IAAF Photograph of the Year award argazki lehiaketako finalistetako bat.

Bedeinkapena izena jarri zion argazkiari egileak, Felix Sanchez Arrazolak (Fotorunners), Mugertza krosean lortutako garaipenagatik zeruari eskerrak ematen ageri baita argazkian Selemon Barega, Mintxetako pistan belaunikatuta. Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAFF) antolatzen duen IAAF Photograph of the Year award argazki lehiaketara aurkeztu zuen argazkia, eta lau finalistetako bat da argazkilari oñatiarraren lana. Ikus hemen gainerako hiru argazki finalistak: https://www.iaaf.org/awards/news/photograph-year-2018-finalists

Felix Sanchezek adierazi duenez, txapeldun olinpikoa izateko ametsa beteko ez duela jakin badakien arren, atletismoko munduko argazkirik onena saritzeko finalisten artean egotea oraindik esnatu ez den ametsean egotea modukoa da berarentzat. Bere argazkiak lehen saria jasotzen badu eta saria Monakoko printzearen edo IAFFeko presidente Sebastian Coeren eskutik jasotzea une hunkigarria izango litzatekeela gaineratu du. Selemon Barega bera ere gustura da bera ageri den argazkia aukeratu dutelako eta zorte ona opatzeaz gainera bere botoa baduela esan dio argazkilariari Twitter sare sozialean idatzi duen mezuan.

Mintxeta Atletismo Taldeko kideak pozik dira argazkilari olatiarrak lortu duen hautagaitzarekin. "Argazkilariaren eta antolakuntzaren lana adierazten duen dokumentua da finalerako hautatu duten argazkia. Beste behin ere, Elgoibarko krosaren garrantzia argi gelditu da, eta albiste bikaina da 75.urteurrena amaitzear den honetan", adierazi dute.
Nazioarteko Atletismo Federazioak urtero antolatzen duten galan jakinaraziko dute zein den urteko argazki onena. Monakon izango da, abenduaren 4an. Argazkiko protagonista, Selemon Barega, ere han izango da, aurten nabarmendu diren atleta gazte onenaren saria jasotzeko bost hautagaietako bat baita.

∞Lotura duten albisteak: