Finalerdietan bigarren eginda lortu du Arkaitz Egañak Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finalerako sailkatzea

Barren.eus 2018ko aza. 27a, 13:50

Espainiako Ehiza Xeheko finalerdia jokatu zuten domekan Ciudad Realeko Campo de Criptana herrian. Errioxako Ruben Fernandezek lortu zuen lehen postua eta bigarren egin zuen Arkaitz Egañak. Lehen zortzirak sailkatu dira Albaceten jokatuko den finalerako. Leire Egaña ere lehiatuko da finalean.

Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako bi finalerdiak jokatu dituzte asteburuan, iparraldeko sektorekoa eta hegoaldekoa, Campo de Criptanan. Iparraldekoan hartu zuen parte Arkaitz Egaña Bastidak Euskadiko Ehixa Xehe Txapelketan txapeldunorde izan eta gero. Espainiako finalerdian ere bigarren postua eskuratu zuen bi eper eta hamar untxi ehizatuta. 4.600 puntu eskuratu zituen Egañak. Errioxako ordezkari Ruben Fernandezek irabazi zuen sektorea hiru eper eta 11 untxi (bat txakurrak) ehizatuta (5.325 puntu). (ikus iparraldeko sektoreko sailkapena) Hegoaldeko sektorean Bautista Blazquez gailendu zen (ikus sailkapena). Sektore bakoitzeko lehen zortzi sailkatuek jokatuko dute 50. Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finala. Albaceteko La Roda herrian jokatuko dute finala, abenduaren 8an. 

 • Txapeldunen txapelketa, biharamunean
Espainiako Ehiza Xehe Txapelketak 50 urte bete ditu aurten eta mende erdira ailegatu izana ospatzeko txapelketa berezia antolatu du Espainiako Ehiza Federazioak, Espainiako Txapelketaren biharamunerako, abenduaren 9rako. Espainiako Txapelketa irabazi duten ehiztariak lehiatuko dira, eta horien artean izango da Arkaitz Egaña elgoibartarra ere, birritan irabazi baitu txapelketa hori, 2012an eta 2015ean.
 • Leire Egaña emakumezkoen finalean
Emakumezkoen 6. Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa ere hartuko du La Rodak. Emakumezkoek ez dute finalerdirik jokatu eta zuzenean lehiatuko dira finalean. Egungo Euskadiko txapelduna den Leire Egaña ehiztari elgoibartarrak ere hartuko du parte, Euskadiko Ehiza Federazioa ordezkatuz. Hortaz, neba arreba batzuk Espainiako Ehiza Txapelketan lehiatzen diren estreinako aldia izango da.

∞Lotura duten albisteak