Gipuzkoako Txapelketako finala galdu egin zuten Arrizabalagak eta Lizarraldek

Barren.eus 2018ko aza. 26a, 19:50

Lagunak Pilota Eskolako Kepa Arrizabalagak eta Gorka Lizarraldek ezin izan zuten irabazi gomazko paletako Gipuzkoako Txapelketako finala. Edonola ere, finalera arte ailergatzeagatik bigarren mailatik lehen mailara igo dira. 22 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen diharduen Lagunak taldeko bikoteak ere galdu egin zuen Ikastolan jokatu zuten finalaurrekoa.

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako hainbat final jokatu dituzte joan den asteburuan. Gizonezkoen gomazko paletako lehiak Zarautzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu zituzten, nagusien 3., 2. eta 1. mailetako finalak, hain justu ere. Kepa Arrizabalagak eta Gorka Lizarraldek osatutako bikotea 2. mailako finalean lehiatu zen. Etxeko palista bikotea izan zuten aurkari, Zabalak eta Azpeitiak osatutakoa. Final orekatua jokatu zuten arren, zarauztarrak ailegatu ziren lehenago 25. tantora, eta 23-25 irabazi zieten elgoibartarrei. Finala galdu izanak lagatako zapore mingotsa gozatzeko badituzte baina arrazoiak Lizarraldek eta Arrizabalagak, Gipuzkoako hurrengo txapelketa maila gorenean, Lehen Mailan, jokatuko baitute.

22 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen diharduen Lagunak taldeko bikoteak ere ez zuen zorterik izan eta galdu egin zuen partida bakarrera Ikastolako frontoiabn jokatu zuten finalaurrekoa. Aranberri azpeitiarrak eta Iker Odria elgoibartarrak osatutako bikoteak 15 eta 25 galdu zuen Alcortaren eta Ponceren aurkako kanporaketa.

2018 11 24 pala gipuzkoa finala lagunak zarautz hitza

2018 11 24 pala gipuzkoa finala lagunak zarautz hitza 1

2018 11 24 pala gipuzkoa finala lagunak zarautz hitza 2

*Argazki gehiago: zarauzkohitza.eus

∞ Lotura duten albisteak: