Alkortako igoera gehiago ez antolatzea erabaki du Mendaroko ezker abertzaleak

Barren.eus 2018ko aza. 15a, 14:13

Parte hartzeak urtetik irtera behera egin duela-eta, Alkortako Igoera antolatzeari lagatzea erabaki du Mendaroko ezker abertzaleak. Hamalaugarrena izan behar zuen aurtengoak.

Mendaroko ezker abertzalea 2006an hasi zen Alkortako Igoera antolatzen, euskal presoen eskubideen alde. Kirola eginez aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko helnuruarekin hasi ziren proba antolatzen. Guztira hamahiru lasterketa jokatu dituzte urteotan, 2006tik 2017ra bitartean. Hamalaugarrena azaroaren 24an jokatzekoak ziren, baina proba gehiago ez dutela antolatuko jakinarazi dute antolatzaileek. "Azkenengo urteetako parte hartze eskasa ikusita hartu dugu erabakia", azaldu dute. Alkorta familiari eskerrak eman dizkiote urteotan egindako lanagatik. "Eurengatik izan ez balitz, ezin izango genituen Alkortako Igoera hauek antolatu. Urteotan parte hartu duten korrikalariak eta bide bazterretan animoak ematen egon diren zaleei ere eskerrikasko. Plazer bat izan da", adierazi dute.

•Iñigo Lazkanok eta Nerea Amilibiak garaipen gehien

Josu Arregi azpeitiarrak irabazi zuen Alkortako Igoerako estreinako edizioa, 2006an. Guztira 22 lagunek hartu zuten parte. Harrezgero, hainbat lagunek osatu dute irabazleen zerrenda: Igor Urionabarrenetxea (2007), Joseba Plaza (2008), Iñigo Lazkano (2009-2010-2011), Nerea Amilibia (2011-2012-2014), Iñigo Lariz (2012), Iban Murua (2013), Josu Uriarte (2014), Jokin Muñoz (2015), Unai Etxeberria (2016), Ander de Luis (2017) eta Ainhoa Lendinez (2017).

2018 11 15 alkortakoigoeramen2011 podium

Iñigo Lazkano mendaroarrak lortu ditu garaipen gehien. Lazkanok jarraian irabazi zituen 2009, 2010 eta 2011 urteetan jokatutako igoerak, eta azken garaipenarekin batera orain arte mantendu den errekorra ezarri zuen: 20 minutu eta 24 segundoan osatu zituen udaletxe aurretik Alkorta baserri parerainoko 4,7 kilometroak. Nerea Amilibia aiarrak ere hiru alditan irabazi zuen proba emakumezkoetan, 2011n, 2012an eta 2014an. 

∞Lotura duten albisteak: