Goi mailako patinatzaileek eskainiko duten saioarekin inauguratuko dute Elgoibarko Skatepark berria

Barren.eus 2018ko aza. 14a, 11:16

Basarten eraiki duten Skateparka erabiltzeko moduan dago. Elgoibarko Udalak jai bat antolatu du azpiegitura berria inauguratzeko eta patinatzaile profesionalak etorriko dira zapatuan ikuskizuna eskaintzera.

Basarte auzoan Skatepark berria egiteko lanak hasi zituzten irailaren amaieran eta sei aste inguruko lanen ostean prest dago. Skatepark berria inauguratzeko jaia antolatu du Elgoibarko Udalak zapatu honetarako, hilaren 17rako. 16:00etan hasiko den jaian ikuskizuna eskainiko dute maila handiko patinatzaileek: Ian Campbell, Danny Leon eta Queen of Bandals taldeko Mariak, Iraiak eta Ainarak.

Danny Leon 23 urteko Madrilgo patinatzaile profesionala da eta Munduko Txapelketako probetan parte hartzen du. Ian Campbell bilbotarra Euskal Herriko patinatzaile onenetarikoa da.

 • Skateparka datutan
Sektorean eskarmentua duen Sopelako ZUT Skateparks enpresak diseinatu du Elgoibarren eraiki duten Skatepark berria. 280 metro koadroko inguruko azalera du. Bowl edo bainera bat du, 1,10 eta 1,30 metro bitarteko sakoneraduna. Baineratik kanpo ere bestelako elementu batzuk ipini dituzte, ibilbide eta jausi desberdinak egiteko. Elgoibarko Udalak, guztira 48.200 euro bideratu ditu gazteen artean, kirol aisiarako aukerak sustatzen dituzten instalazio hauek gauzatzeko.

2018 11 14 skatepark basarte elgoibar amaituta barren

2018 11 14 skatepark basarte elgoibar amaituta barren 3

2018 11 14 skatepark basarte elgoibar amaituta barren 2

2018 11 14 Skatepark elgoibar basarte inaugurazioa kartela