Aiastiako bolatokian erabakiko da zapatuan (azaroak 17) zein den aurtengo Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako irabazlea. Txapelketa ofiziala 17:00etan hasiko den arren, 16:15ean probarako jaurtialdia egingo dute "bola bigaz", antolatzaileek zehaztu dutenez.
Txapelketako azkenaurreko jardunaldia, hirugarrena, jokatu zuten aurreko zapatuan Barinagan eta Markina-Xemeingo Hiru Txirlo taldeko Lander Odiagak irabazi zuen tiraldia, zazpi txirlo botata. Sei txirlo botata berdinduta geratu ziren Barinagako saioko hurrengo bostak: Joseba Lazkano (Lastur), Oier Azumendi (MX3T), Juan Luis Rodriguez (Asola Berri), Antonio Ibarluzea (Iruzubieta) eta Jose Irusta (San Miguel). Guztira 68 bolarik hartu zuten parte.
• Sanmigeldarrak aurreneko postuetan
Sailkapen orokorrean Angel Ibarluzea elgoibartarra dago aurreneko postuan, 19 txirlorekin eta Lander Odiaga dago bigarren postuan, 18 txirlorekin. Bikoteka eta taldeka ere Elgoibarko bolariak daude sailkapen orokorraren buruan: Anjel Ibarluzea eta Xabier Loiola dira lehenengoak bikoteka, eta taldeka San Migel A.