Elgoibar Kirolaren Europako Herri izango da 2019an

Barren.eus 2018ko aza. 12a, 11:18

Elgoibarrek lortu du izendapena, eta Kirolaren Europako Herri izango da 2019an. ACES Europa erakundeko presidente Gian Francesco Lupatellik Elgoibarko Udalari bidali dion gutun bidez izan dute izendapenaren berri. Ane Beitia alkateak jasoko du garaikurra Europar Parlamentuan egingo duten sari banaketa ekitaldian, abenduaren 4an.

Elgoibar Kirolaren Europako Herri izendatu du Kirolaren Hiriburu eta Hirien Elkarteen Federazioak (ACES Europe). Elgoibarrek joan den irailaren amaieran aurkeztutako hautagaitzarako proiektua goraipatu du ACES Europako presidente Gian Francesco Lupatellik Udalari bidali dion gutunean. "Zorionak sariagatik, zure udalerria benetan guztiontzako kirolaren adibide baita, osasun, integrazio, heziketa eta errespetuzko tresna gisa. ACES Europan partekatzen ditugun balioak dira. Zorionak baita ere udalerriak dituen antolakuntzarako ahalmenagatik eta kirol azpiegitura eta jarduerengatik", adierazi du Lupatellik idatzian. ACES Europak Elgoibarko kirol azpiegituren eskaintza eta kalitatea nabarmendu ditu, kirol ekitaldiak antolatzeko gaitasunarekin batera.

Kirolaren hiri eta herri izendatutako guztiek bandera bat jasoko dute Bruselan, Europako Parlamentuan egingo duten galan, abenduaren 4an. Elgoibarko alkate Ane Beitia ere han izango da.
 • Balorazio oso positiboa
Elgoibarko Udalak balorazio oso positiboa egin du eta pozik agertu da izendapen garrantzitsu hau eskuratu izanagatik. "Europak Kirol Herri izendatzeak nazioarte mailako erreputazioari bultzada baliotsua ematea suposatzen du, Elgoibar mundu mailako kirol-sektoreko foko sozial, politiko eta instituzionalean kokatuz". Euskadin, Bilbo, Gasteiz edota Getxo moduko hiri eta herriek lortu dute aitorpen hau. Joan den asteazkenean, azaroak 7, udal arduradunek, herriko kirol elkarteekin eta Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako Eskola Kiroleko koordinatzaileekin bilera bat izan zuten hautagaitzaren harira. Ane Beitia alkateak berriz ere eragile, talde eta elkarte hauek horrenbeste urtetan zehar egindako esfortzu eta lanaren garrantzia nabarmendu du. Beraiek gabe, izendapen hau ez litzateke posible izango nabarmendu du.