Imanol Garaizabalen taldeak irabazi zuen Basque Expedition Race lasterketa

Barren.eus 2018ko urr. 24a, 09:14

Basque Expedition Race abentura raidaren bigarren edizioa irabazi du Euskalraid-Aralar Kirolak taldeak. Lau kidek osatu dute taldea, tartean Imanol Garaizabal elgoibartarrak. Paraguain jokatuko den abentura raiden Munduko Zirkuituko proba jokatzeko sailkatu dira.

Duela bi urte jokatu zen Basque Expedition Race orientazio probaren estreinako edizioa, Bizkaian. Euskal Herrian jokatu den proba gogorrena eta luzeena izan zen. Hiru egunetan Bizkaiko 32 herritatik pasa ziren 100 kirolaritik gora. Europatik eta Amerikako Estatu Batuetatik etorritako taldeak lehiatu ziren eta bigarren postua lortu zuen Euskalraid-Aralar Kirolak taldeak. 

Bigarren edizioa Añanan, Araban, jokatu zuten urriaren 11tik 15era. Villanañeko Baronatarren dorretxetik abiatu ziren kirolariak eta proba Espejon amaitu zen. Orientazioa, korrika, kayaka, trekkinga, mendi bizikleta, espeleologia... modalitate asko menderatu behar izan zituzten bidean.

 • Danimarkarrekin lehia estua
Europa osotik joandako 40 taldek hartu zuten parte aurtengoan. Raidaren sail ofizialean taldeak mistoak ziren eta hamahiru ekipo lehiatu ziren, horien artean Euskal Herriko bi laukote: Udaberri Sopels BetiBilbo eta Euskal Raid-Aralar Kirolak. Azken talde horretako kide da Imanol Garaizabal elgoibartarra, Uxue Fraile (Donostia), Gaizka Agirre (Artea) eta David Tarres kataluniarrarekin batera. Danimarkako Yeti taldearekin borroka "latza" izan zutela azaldu du Garaizabalek. "Yeti taldekoen atzetik egin genuen lasterketa ia guztia, trantsizio guztietan egiten genuen topo, eta bagenekien gure arteko aldea ez zela hogei minutu baino haundiagokoa. Azken sekzioa trekking luze bat zen, orientatzeko oso zaila, behelainoagatik eta euripean egin genuelako inguru karstiko batean, Arkamo mendikatean. Oso bizkor egin genuen eta aurrea hartzea lortu genuen. 53 ordukoa izan zen gure denbora eta danimarkarrei ordubeteko aldea atera genien helmugan".

Garaipen honi esker, Paraguain jokatuko den "Expedicion Guarani" proba jokatzeko txartela eskuratu du Basque Expedition Race taldeak. Abentura raiden Munduko Zirkuituko proba da Paraguaikoa. Garaizabalek 2017an egin zuen Guarani espedizioa, eta sentsazio gazi-gozoekin itzuli zen Hego Amerikatik.

Basque Expedition Race probako laburpen-bideo ikusgarria duzue honakoa:

2018 10 23 basqueExpedition raid imanol garaizabal elgoibar podium

 Lotura duten albisteak: