Leire Egaña eta Mauro Gonzalez txapeldun eta Arkaitz Egaña txapeldunorde Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2018ko urr. 22a, 11:03

Ehiza Xehe denboraldian jarraian lortzen duten laugarren txapela eskuratzeko oso gutxi falta izan zaie Leire eta Arkaitz Egaña neba-arrebei. Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa irabazi zuen Leirek, eta bigarren egin zuen Arkaitzek, irabazleak adina pieza ehizatu arren. Beteranoetan Mauro Gonzalez ehiztari mendaroarra gailendu zen.

Ehiza Xeheko Euskadiko Txapelketa jokatu zuten domeka goizean Arabako Zambrana herrian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehiztari onenek parte hartu zuten lehiaketan Debabarreneko ehiztariak nabarmendu ziren, beste behin ere. Gipuzkoako txapelketako emaitzak errepikatzeko gutxi falta izan zen. Senior gizonezkoen kategorian lehen hirurek lehia estua izan zuten eta pieza kopuru berdina aurkeztu zuten ehizaldiaren amaieran: sei eper eta faisai bat. Hala, berdinkerta hausteko, azken pieza beranduen hil zuen ehiztaria zein zen ikusi zuten epaileek, eta Eugenio Solagaiztua bizkaitarrak lortu zuen lehen postua. Elgoibarko, Debabarreneko eta Gipuzkoako txapelketak irabaztetik zetorren Arkaitz Egaña sailkatu zen bigarren postuan eta Asier San Vicente hirugarren postuan. Carlos Conde elgoibartarra 11. postuan sailkatu zen, eper bat ehizatuta.

Emakumezkoetan bikain aritu zen Leire Egaña eta lau eper eta faisai bat ehizatuta irabazi zuen proba, nagusitasunez. Bigarren sailkatu zen Mari Jose Carreterok ez zuen pieza bakat bat aurkeztu. Sailkapeneko lehen hirurak, gizonetan eta emakumeetan, Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finalerdia jokatzeko sailkatu dira. Ciudad Realeko Campo de Criptana herrian izango da, azaroaren 23an eta 24an.
 • Mauro Gonzalez irabazle beteraoetan
Beteranoen artean Gipuzkoako txapeldun Mauro Gonzalez mendaroarrak irabazi zuen Euskadiko titulua. Hiru eper eta hiru faisai ehizatu zituen. Manuel Sexto eta Jose Tejedor sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Joxe Mari Egaña elgoibartarrak seigarren egin zuen.

∞Lotura duten albisteak