Maite Maiorak irabazi du bi urtean behin jokatzen den Hiru Haundiak lasterketa, bere estreinako parte hartzean. Mendaroarrak 12 ordu, 48 minutu eta 37 segunduan osatu ditu ibilbideko 101,6 kilometroak.
Lehen "haundira", Gorbeako tontorrera, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra ailegatu da lehen postuan (1:26:07). Azkorbebeitiagandik 26 segundora heldu da Maite Maiora mendaroarra eta Maiorarekin orpoz orpo Mayi Mujika elgoibartarra, Morkaiko ordezkatuz. Anboto gainera ere antxitxikari bizkaitarra ailegatu da lehen postuan, eta ia bost minutuko aldea atera dio Azkorbebeitiak Maiorari. Bigarren haundiko tontorrean ere hirugarren postuari eutsi dio Mayi Mujikak. Landara, ibilbideko 60. kilometrora, Maite Maiora ailegatu da lehen postuan (07:10:13), bi minutu eta 11 segundora Azkorbebeitia eta bost minutura Mayi Mujika. Probako azken igoeran, Aizkorri gainean, Maiorak nabarmen handitu du jarraitzaileekiko aldea. Bederatzi minutuko abantaila zuen Azkorbebeitiarekiko eta hamasei muinutukoa Mujikarekiko.
Aiaran zegoen helmugan 13 minutuko aldea atera dio Maiorak bigarren egin duen Azkorbebeitiari, eta bigarren postua eskuratzetik gertu gelditu da Mayi Mujika, bi minutuko aldea bakarrik atera baitio Azkorbebeitiak. Apalago hasi eta indartsu amaitu dute proba Maiorak eta Mujikak. Maiora gainera, Silvia Triguerosek 2014an ezarri zuen probako errekorretik (12:48:22) 15 segundora bakarrik gelditu da.
Maite Maiorak lehenengo aldiz hartu du parte Hiru Haundiak proban. "Goyo Larrañagak esan zidan, 'Maite zure curriculumean hiru handiak falta zaizkizu'. Urteren batean parte hartuko nuela erantzun nion, eta aurten izan da". Alabaina, aitortu du azken orduan erabaki zuela parte hartzea. "Hasieran ez zegoen nire asmoen artean, baina denboraldi aldrebes honi bukaera polita ematea gustatuko litzaidake", esan zuen proba jokatu aurretik. Halaxe izan da.
Gizonezkoetan Javi Dominguezek irabazi du Hiru Haundiak, 11:14.08ko denborarekin. Proba honetan lortzen duen bigarren garaipena da Elgoibarren lan egiten duen gasteiztarrarentzako. Julen Martinez De Estibaritzek egin du bigarren (11:29:30) eta orain bi urteko irabazlea, Iokin Garai oñatiarra sailkatu da hirugarren postuan (11:30:27). Gorka De La Horra elgoibartarrak lasterketa bikaina egin du eta Lizarpe taldeko ordezkaria zortzigarren postuan ailegatu da helmugara (12:41:29). Ikus sailkapenak.
Behe laino trinkoa izan da mendi lasterkarien oztopo nagusia, ateri eutsi baitio eguraldiak eta tenperatura onarekin. Bidea ondo ikusten ez zutela eta erorketa asko izan dituztela azaldu dute parte hartzaileek. Guztira 1.700 lagunek hartu dute parte Gorbeia, Anboto eta Aizkorri batzen dituen lasterketan.
∞Lotura duten albisteak:
- Hiru Handiak probarako 35 elgoibartar daude izena emanda, eta irabazteko faboritoetako bat da Maite Maiora (2018-10-17)