Eli Ibarrak izen handiko futbolari ohiak izan zituen promozio kide entrenatzaile titulua lortzeko ikasketa aldian, Xabi Alonso, Raul Gonzalez, Aitor Lopez Rekarte, Xavi Hernandez, Victor Valdes, Julio Baptista, edo Marcos Senna, besteak beste. Ibarra bera eta Saray Garcia izan ziren sei aste iraun zuen ikasturteko emakume bakarrak. 21 ikasgai gainditu zituzten A eta B lizentziak eskuratzeko. Jubenil mailara arte entrenatu dezakete titulo horrekin.
• Lehen pausoak Genuine Ligan
Teoria gainditu ostean, ikasitakoa praktikan jartzen ari da orain Eli Ibarra. Entrenatzaile ibilbidea futbolaz eta pertsonez asko ikasi dezakeen lekuan hasi du gainera, eta nola ez, Athleticen. Elgoibartarra Athletic Club Fundazioak Genuine Ligan duen taldea entrenatzen ari da Esteban eta Diego Feijoo entrenatzaileekin batera. Athletic Fundazioak Gaude, Geu Be, Gorabide, Adizmi eta Fundacion Sindrome de Down elkarte bizkaitarrekin elkarlanean sortu du emakumez eta gizonez osatutako taldea. Genuine Ligan adimen urritasuna duten jokalariez osatutako taldeak lehiatzen dira. Ez dituzte partidak asteburuero jokatzen, urtean lau bat aldiz elkartuko dira talde guztiak. 2018-19 denboraldiko lehen jardunaldia azaroaren 16tik 18ra jokatuko dute Tarragonan, Nastic taldeak antolatuta. 31 taldek hartuko dute parte.
Eli Ibarrak hamabost denboralditan jokatu zuen Athleticen, taldearen sorreratik, eta 2017ko maiatzean laga zuen futbola. Irakurri hemen futbola laga berritan BARRENi eskaini zion elkarrizketa -PDF-