Hiru Haundiak probarako 35 elgoibartar daude izena emanda, eta irabazteko faboritoetako bat da Maite Maiora

Barren.eus 2018ko urr. 17a, 14:25

Hiru Haundiak probaren 21. ekitaldia jokatuko da zapatuan, urriaren 20an. 1.700 korrikalari daude izena emanda 101 kilometroko ultra lasterketan, eta elgoibartar dezente animatu da aurtengoan. Maite Maiora mendaroarrak ere estreinakoz korrituko du proba hau.

Mendiko lasterkarien artean erreferentzia da bi urtean behin jokatzen den Hiru Haundiak, duen tradizioagatik eta ibilbideagatik -Gorbeia, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen ditu 101,6 kilometroko probak-. 

21. ekitaldia Murgiatik hasiko da barixakuan, 24:00etan. Irteeran 1.700 mendizale izango dira —3.000 eskari baino gehiago jaso zituzten antolatzaileek—, eta 36 elgoibartar daude izena emandakoen artean. 2016ko ekitaldian hamazazpi elgoibartarrek amaitu zuten proba eta seigarren egin zuen Ander Zulaika mendaroarrak. Beste mendaroar bat, Maite Maiora, garaipenaren lehian arituko da estreineko parte hartzean. "Hasieran ez zegoen nire asmoen artean, baina denboraldi aldrebes honi bukaera polita ematea gustatuko litzaidake. Hiru Handiak aukeraketa polita izan da", adierazi du. Ez da lehen aldia horrelako distantzia bati aurre egin behar diona, baina beldurra baino gehiago "errespetua" ematen dio. Distantzia luzeari baino beldur gehiago dio gauean argirik gabe gelditzeari.
 • Curriculumean falta zaion garaipena
Hiru Haundiak euskaldunak "ordezkatzen" gaituen proba dela dio Maite Maiorak antolatzaleek proba iragartzeko faborito nagusiekin eginiko bideo ikusgarrian (Javi Dominguezek ere parte hartzen du bideoan) "Gorbea, Anboto eta Aizkorri, gure hiru mendi maiteak batzen dituen lasterketa da... baina ezin da ahaztu 100 kilometroko proba dela". Lehenengo aldiz hartuko du parte Maiorak. "Goyo Larrañagak esan zidan, 'Maite zure curriculumean hiru handiak falta zaizkizu'. Urteren batean parte hartuko nuela erantzun nion, eta aurten izango da".

2014ko Hiru Haundiak irabazi zuen Javi Dominguezek ere hartuko du parte proban. Elgoibarren lan egiten duen gasteiztarrak azken orduan erabaki zuen parte hartzea, aurten inoiz baino lasterketa gehiago dituelako eginak eta hasia delako denboraldi guztiko nekea nabaritzen. "Gorputza atsedena eskatzen ari da", dio.