Iñigo Larizek hirugarren postua eskuratu du Anbotoko Kilometro Bertikalean

Barren.eus 2018ko urr. 7a, 12:10

Anbotoko Kilometro Bertikala jokatu zen Arrazolan, zapatuan, eta Iñigo Alzola arrasatearra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan ziren azkarrenak. Gure ordezkariei dagokionez, Iñigo Larizek hirugarren egin zuen eta seigarren Ainhoa Lendinezek.

Guztira 217 mendiko korrikalarik hartu zuten parte Anbotoko Kilometro Bertikalaren 11. ekitaldian. Lasterketa bertikaletan erreferentea da Atxondoko bailaran jokatzen den proba eta espezialiateko antxitxikari puntakoenak batu ziren aurten ere. Arrazolako elizatik irten eta Anbotoko tontorreraino igo ziren, 3,8 kilometroko ibilbidean 1.092 metroko igoera osatuta.

Gizonezkoetan Iñigo Alzola arrasatearra gailendu zen, 40 minutu eta lau segunduko denbora eginda. 25 segundo gehiago erabili zituen igoera egiteko Xabier Macias iruñearrak. Iñigo Lariz elgoibartarrak eskuratu zuen hirugarren postua, 40 minutu eta 43 segundoko denbora eginda, irabazleak baino 39 segundo gehiago. Esperotakoa baino denbora hobea egin zuela adierazi du Larizek. Aita izan berri da eta nahi baino gutxiago entrenatuta eta nahiko lukeena baino lo gutxiago eginda probara aurkeztu arren, pozik da Anboton egin izan dituen denbora onenetatik gertu ibili zelako. 2013ko edizioan, esaterako, 40 minutu eta 26 segundoko denborarekin irabazi zuen proba. Lariz beti ibili da aurreneko postuetan Anboton. Iaz hirugarren egin zuen, eta duela bi urte, 2016ko edizioan, bigarren egin zuen Larizek eta hirugarren Iban Muruak. 

 • Garaipena eta errekorra Azkorbebeitiarentzat
Emakumezkoetan probako errekorra txikitu zuen Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak, 45.59ko denbora eginda. Oihana Kortazarrek 2011n ezarri zuen errekorra ondu zuen Azkorbebeitiak. Maria Zorrozak egin zuen bigarren (47.15) eta Oihana Kortazar bera sailkatu zen hirugarren postuan (47.21). Ainhoa Lendinez elgoibartarra seigarren postuan sailkatu zen, aurreko asteburuan Azpeitiko Zuzenien igoera bertikala irabazi zuen Maud Combarieu urruñarraren atzetik. Lendinezek 53 minutu eta 37 segundoan osatu zuen igoera. (ikus sailkapenak)

Lendinezen berbetan sekulako maila izan du lasterketak. "Lehen hirurak, Azkorbebeitia, Maria eta Kortazar maila bat gorago daude. Zoragarria da euskal herriko mendiko korrikalarien maila. Neuri dagokidanez, asko sufritu arren, iaz egin nuen denboraren antzerakoa egin dut eta gustura nago horrekin. Bertikalen hilabeteari amaiera emateko modurik onena izan da". 

2018 10 06 anboto km bertikala ainhoa lendinez

2018 10 06 anboto km bertikala irteera ainhoa lendinez

2018 10 06 anboto km bertikala podium lariz