Jendetza batu zen atzo Xoxote inguruan eta paisaiaz gainera mendiko lasterkariek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Asier Larruzea gueñestarra eta Mikel Beunza ultzamarra izan ziren azkarrenak, batak zein besteak 34 minutu eta 12 segundoan osatu baitzuten igoera. Larruzeak ehunenkoengatik irabazi zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako proba. Beñat Katarain zegamarrak lortu zuen hirugarren postua (34:48). Iñigo Ortuoste elgoibartarra 32. postuan sailkatu zen (41:58).
Emakumezkoetan Urruñako Maud Combarieu gailendu zen 43 minutu eta 14 segundoko denbora eginda. Minutu bat eta bi segundu gehiago egin zituen Ainhoa Lendinez elgoibartarrak. Aurreko asteburuan Beriainen jokatu zuten kilometro bertikalean baino aldapa eta bero gehiago egiten zuen arren, aldapa pikotara eta berora ondo moldatzeaz gain, aurreko asteburuetan baino sentsazio eta sasoi hobeak nabaritu zituen Lendinezek. Sakanan aurretik izan zituen lehiakideak sailkapenean atzetik laga zituen atzo Azpeitian. Lezoko Lrdes Oiartzabal sailkatu zen hirugarren postuan (45:51). Probako argazkiak uztarria.eus webgunean.