‘2019ko Kirolaren Europako Hiri’ izateko hautagai aurkeztu dute Elgoibar

Barren.eus 2018ko ira. 28a, 14:45

ACES-Europe, Europako kirol hiriak izendatzen dituen erakundeko ordezkariak Elgoibar bisitatu dute egun hauetan. Elgoibar “Europako Kirol Hiria” izendatzeko aukera ebaluatzera etorri dira, hain zuzen ere. Herriko kirol esparruak eta jarduerak gertutik ezagutzeaz gain, Udalak aurkeztutako txostena beste batzuekin alderatu eta azaroan emango dute erabakiaren berri.

Javier Rodrigo, Lukas Vorel eta Jose Manuel Lambea, Aces-Europe erakundeko ordezkariak, etorri dira Elgoibarrera hautagaitzaren balorazioa egitera. Ostegunean herriko kirol instalazioak eta azpiegiturak bisitatu zituzten, baita bertako jarduerak ikusi ere, Elgoibarrek “Europako Kirol Hiri” izateko baldintzak betetzen al dituen frogatzeko. Gaur, ostirala, berriz, Gorka Garaizabal Kirol zinegotziak, gobernu taldeko beste hainbat kiderekin batera, Elgoibarko hautagaitza defendatu dute hautagai izateko arrazoi nagusienak azalduz. Ondoren, prentsaurrean agertu dituzte Kirolaren Europako Hiriburu izateari buruzkoak.

 • Kirolaren balio unibertsalak udalerrietan sustatzea

ACES-Europeko ordezkarien azalpenen arabera, izendapen hori Kirolaren Europako Hiriburua Elkarteak ematen du urtero (hona darabilten araudia -PDF-). Horren helburua da kirolaren balio unibertsalak udalerrietan sustatzea. Era berean aitorpen honek nabarmentzen du kirola sustatzearen aldeko konpromisoa eta kirol eskaintza nahiz kalitatezko instalakuntzak bultzatzeko inbertsioetan egindako ahalegina. Honez gain, azpiegitura berriak sortzeko aukera ematen duen administrazioen arteko lankidetza ere goraipatzen du, baita kirolaren sustapenean eta praktikan inplikatuta dauden eragile publiko zein pribatu guztien lana ere.

 • "Sentsazioak oso positiboak izan dira Elgoibarren”

Ordezkariek hautagaitzaren balorazio baikorra egin dute eta izendapena lortzeko aukera nahikoa izan ditzakeela esan dute. Rodrigoren esanetan, “Elgoibarrek, erakundeak eskatzen dituen irizpide guztiak betetzen ditu eta kirol planifikazio egitaraua dauka, maila guztietan, eskola kirolean, udal jardueretan, instalazioetan, elkarteetan ... Kirolean elkartasun sentimendua ere aipatzekoa da". Aurkezpen ona egin dutela eta hautagaitza ezberdina aurkeztu dutela azpimarratu dute, baita Elgoibarren harrera ona egin dietela ere. Espainiatik Jaca, Torrijos, Vejer de la Frontera eta Cangas del Narceak ere aurkeztu dute hautagaitza, baina "sentsazioak oso positiboak izan dira Elgoibarren”.

Ane Beitia alkatearen esanetan, “izendapen hau sari handi bat izango litzateke guretzat, urte askotan zehar, bai Udalak, bai herriko kirol-talde eta elkarteek egindako ahalegin eta lana aitortzen duen saria. Guztion artean Elgoibar udalerri erreferente ari gara bihurtzen kirolari dagokionez”.

 • Kirol jarduera esanguratsuak eta dena prest

Elgoibarko hautagaitzaren berezitasuna besteak beste jadanik dena prest izatea da eta herrian kirol jarduera esanguratsuak daudela jasotzen du beste hainbat gauzaren artean. Txostena berezi edo esanguratsu egin duena zera da Ramon Mujika Kirol Teknikariaren ustez: "Udaletik aurkeztu diegun dokumentuan ikusi dute Elgoibarren, hain herri txikia izan arren, zenbat instalazio dauden eta zenbat kirol ekintza antolatzen diren, baita hiri handietan ez bezala, herritarrek zenbat parte hartzen duten kirol ekintzen antolakuntzan modu boluntarioan. Azaldu diegu baita ere Elgoibarrek baduela tradizio industrial bat eta beharrezko berrikuntza hori kiroletan ere badaukagula. Esaterako, orain dela 45 urte ekin genion eskola kirolari eta gerora beste herri askotara zabaldu da”. Berezitasunei buruz alkateak eta kirol teknikariak beste hauek ere aipatu dituzte: "Triatloiak, esaterako, izen handia du gaur egun, baina pentsa noiztik egiten den Elgoibarren Nahaste Borraste. Edo mendi igoera bertikalek ere indar handia hartu dute azken aldian eta Karakateko igoera aspaldikoa da".

 • Sari banaketa Bruselan

Euskadin Bilbo, Gasteiz eta Getxo izan dira kirol hiriburu eta Elgoibar Europako Kirol Hiri izendatuz gero, nazioarte mailan fama hartzeko bultzada baliotsua emango lioke herriari kirol-arloko foko sozial, politiko eta instituzionalean kokatuz. ACES-Europek, azaroan emango du erabakiaren berri eta abenduan egingo dute sari-banaketa gala, Bruselan, Europako Parlamentuan.