Asmaolatik sotora ekarriko dute lehia xakelariek

Barren.eus 2018ko ira. 27a, 11:22

Bat hasi eta bestea bukatu. Domekan bukatu zen Nazioarteko Danbobat Irekia Asmaola eraikinean, eta beste xake txapelketa bat hasiko da gaur Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. 31 xakelari arituko dira lehian 2.200 elo azpiko Danobat Irekian.

Nazioarteko Danobat Irekiaren estreinako edizioak lagatako aho zapore onaren ostean, beste erronka berri bat hasiko dute gaur Zubi Ondo Xake taldeko kideek. 2.200 elo azpiko Danobat Irekia hasiko da gaur, 18:45ean, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Xakean federatutako jokalarientzako txapelketa da honakoa eta 31 lagunek eman dute izena lehen edizio honetan (ikus hemen parte hartzaileak). Izena emandakoen artean daude Zubi Ondo taldeko bederatzi kide. 

Antolatzaileek xake munduan murgiltzen hasi nahi dutenei erraztasunak eman nahi dizkiete txapelketa hau antolatuta. Hori dela-eta doakoa izan da izenematea eta asteburuetan beharrean eguenetan jokatuko dituzte partidak. Izan ere, xake txapelketa ofizialak Donostian jokatzen dira Gipuzkoan, zapatuetan, eta 40 euro balio du izen emateak.
2.200 elo azpiko Danobat Irekian zazpi txandatan lehiatuko dira xakelariak. Gaur jokatuko da aurrenekoa eta abenduaren 13an jokatuko dute azkena. 19:00etatik aurrera jokatuko dira txanda guztiak.
Informazio osoagoa eta txapelketaren jarraipena egiteko: info64.org

∞ Lotura duten albisteak:

2018 09 27 xake danobat elo 2200 elgoibar