June Loidi eta Julen Urruzola Espainiako eskubaloi selekzioarekin aritzeko deitu dituzte

Barren.eus 2018ko ira. 25a, 20:27

2021ean Espainian jokatuko den Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatzeko aukerak izan ditzaketen hamasei jokalari deitu ditu Espainiako hautatzaile Carlos Viverrek, eta horien artean da June Loidi elgoibartarra. Julen Urruzola, berriz, federazioak Sierra Nevadan antolatu duen kontzentrazioan parte hartzen ari da.

June Loidik jubenil mailako Munduko Eskubaloi txapelketa jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, abuztuan, Polonian. Espainiako taldeak zortzigarren postuan amaitu zuen Munduko txapelketa. Orain, senior emakumezkoen taldeko hautatzailearen deia jaso du jokalari elgoibartarrak. 2021ean Espainian jokatuko den Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatzeko aukerak izan ditzaketen jokalari gazteenekin lan egin nahi du Carlos Viverrek, eta hamasei jokalari deitu zituen Madrilgo Pinto herrian, irailaren 16tik 20ra, egin zuten kontzentrazioan parte hartzera. Hamasei jokalarien artean gazteenetarikoa izan da Loidi.

Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo Barakaldoko taldean jokatzen du aurten Loidik, Sanlok utzita, Espainiako Ohorezko Mailan (Liga Guerreras Iberdrola). Ligan jokatu dituzten hiru partidetatik bi irabazi dituzte momentuz.

• Julen Urruzola Sierra Nevadan
2002 eta 2003 urteetan jaiotako 71 eskubaloi jokalari deitu ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak Sierra Nevadako errendimendu handiko zentroan egiten diharduten kontzentrazioan parte hartzera, eta horien artean da Julen Urruzola Pagazartundua (Elgoibar, 2002). Sanlo eskubaloi taldeko jokalaria aurrez ere deitu izan dute promesa mailako Espainiako Eskubaloi Selekzioarekin jokatzeko. Oraingoan Sierra Nevadan (Granada, Espainia) dagoen errendimendu handiko zentroan egingo dituzten entrenamendu saioetan aritzeko deitu du Espainiako Eskubaloi Federazioak. Joan den irailaren 19an hasi zuten kontzentrazioa eta eguazten honetan amaituko da.

2018 09 25 julen urruzola sanlo elgoibar Espainiako selekzioa v2

2018 09 25 julen urruzola sanlo elgoibar Espainiako selekzioa

∞Lotura duten albisteak: