66 xakelarik hartuko dute parte estreinako Nazioarteko Danobat Irekian

Barren.eus 2018ko ira. 20a, 13:27

Dena prest dago Nazioarteko I. Danobat Irekiari hasiera emateko. 66 xakelari arituko dira lehian, zapatuan eta domekan, IMHko Asmaola eraikinean. Lehen txanda zapatuan jokatuko dute, 11:00etatik aurrera.

Xakeko maisu handiek eta jokalari amateurrek hartuko dute parte Zubi Ondo Xake Taldeak Danobat kooperatibaren, Elgoibarko Udalaren eta Udal Kirol Patronatuaren laguntzarekin antolatu duen txapelketan. Izan ere, xakelari afizionatuek profesionalen aurka jokatu ahal izango dutela da txapelketa honek besteekiko duen alde eta berezitasun nagusiena. Suitzar erara jokatuko dute torneoa, eta xakelari bakoitzak bederatzi txanda eta hogei minutu izango ditu partida osatzeko. Parte hartzaileen artean, Espainiako Txapelketa irabazi berri duen Gabriel del Rio eta Espainiako txapelduna izana den David Lariño galiziarra nabarmendu behar dira. 

• Maila handiko xakelariak

Nazioarteko Xake Federazioak elo sailkapena erabiltzen du jokalari bakoitzaren titulua zehazteko. Danobat Irekian parte hartuko duten xalelarien artean xakeko Maisu Handi titulua dute lauk: Jaime Santosek (2.774 elo puntu), Vadim Malakhatko Maisu Handi (2.552 puntu) belgikarrak, eta aurrez aipaturiko Gabriel Del Riok (2.548 puntu) eta David Lariñok (2.433 puntu). Hiru nazioarteko maisuk eta maisu hautagai batek ere eman dute izena (Ikus hemen parte hartzaileen zerrenda). Hori bai, Danobat Irekian ez da banatuko elo punturik. Xake jokalariak motibatzea eta mugimendu berriak ikasteko aukera izatea da antolatzaileen helburuetako bat. Partiden ostean eginiko mugimenduak eta jokaldiak aztertuko baitituzte elkarrekin jokalariek. Xake maila hobetzeko aukera paregabea izango da, maila baxuagoa dutenentzat, bereziki, baina maisuek ere izan dezakete zer ikasirik.

Elo punturik ez, baina diru-sari handiak eskuratu ahal izango dituzte jokalariek, Gipuzkoan diru gehien banatuko duen xake irekia izango baita Elgoibarkoa, Donostiakoaren atzetik. Antolatzaileek 2.000 eurotik gora banatuko dituzte sarietan. Hortaz, goi mailako partidak ikusteko aukera izango dute zaleek IMHko Asmaola eraikinean (beherago partiden ordutegia). Domekan, 14:30ean izango da sari banaketa ekitaldia.

 I. Danobat Irekia

  • 1. txanda: larunbata, 11:00
  • 2. txanda: larunbata, 12:15
  • 3. txanda: larunbata, 13:30
  • 4. txanda: larunbata, 17:00
  • 5. txanda: larunbata, 18:15
  • 6. txanda: larunbata, 19:30
  • 7. txanda: igandea, 10:30
  • 8. txanda: igandea, 11:45
  • 9. txanda: igandea, 13:00
  • 9. Bye-ak *Jokalari bakoitzak 3 bye eskatu ahal izango ditu (1. txandatik 7.era arte puntu erdikoak izango dira, eta 8. txandan 0 puntukoak). Bye-ak idatziz eskatu beharko zaizkio txapelketako edozein epaileri, eskatutako bye-aren aurreko txanda bukatu baino lehen.

• Open Danobat Elgoibar azpi 2200

Eta datorren astean beste txapelketa bat hasiko da Open Danobat Elgoibar azpi 2200 txapelketa. Irailaren 27tik aurrera, federatutako 32 xakelarik jokatuko dute elkarren aurka Kultur Etxean. Abenduaren 13an amaituko da txapelketa.