Joseba Etxeberria entrenatzaile kargutik kendu du Tenerifek

Barren.eus 2018ko ira. 18a, 08:43

Bigarren Mailan diharduen Tenerife futbol taldeak entrenatzaile kargutik kendu du Joseba Etxeberria elgoibartarra, liga hasiera kaskarra egin eta gero.

Liga hasiera kaskarra egin du C.D. Tenerifek. Orain arte jokatu dituzten bost jardunaldietan ez dute partida bakar bat ere irabazi eta sailkapeneko 19. postuan daude. Horrez gainera, Espainiako Kopatik kanporatu zuen Cadiz taldeak. Klubeko zuzendaritzak ez du gehiago itxaron nahi izan eta Joseba Etxeberria entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du. Hala, Bigarren mailan (LaLiga 1/2/3) kargutik kentzen duten lehen entrenatzailea da elgoibartarra. Kargugabetzea baieztatu ostean, agur mezua idatzi du Etxeberriak sare sozialetan eta eskerrak eman dizkie abentura honetan etxean moduan sentiarazten lagundu dioten lagun guztiei. "Ohore bat izan da harmarri hau defendatzea. Zorterik onena opa diot Txitxarrero familia guztiari. Mila esker guztiagatik. Aurrera TETE", idatzi du Twitterren.

• Entrenatzaile ibilbidea
Joseba Etxeberria 2018ko otsailean ailegatu zen Tenerifera. Jaitsiera postuetatik puntu batera zegoela hartu zuen C.D. Tenerife taldea entrenatzeko ardura eta 11. postuan amaitu zuten denboraldia. Etxeberriak urtebeterako berritu zuen kontratua Teneriferekin eta taldea bere nahierara osatzeko aukera izan zuen aurre denboraldian. Guztira 23 partida ofizialetan zuzendu du Etxeberriak Tenerife. Horietan, zortzi garaipen, zortzi berdinketa eta zazpi porrot lortu zituen.

Era berean, elgoibartarrak 2019ra arte zeukan kontratua Athleticekin, baina elkarrekin zuten lotura eten egin zutela jakinarazi zuten bi aldeek maiatzean. Hamabost denboralditan Athleticeko jokalari izan eta gero, Etxeberriak 2015ean hasi zuen entrenatzaile ibilbidea Athleticen bertan. Elgoibartarra taalde txuri gorriko jubenilen eta Basconiako entrenatzailea izan zen; horrez gain, Ernesto Valverderen talde teknikoko kidea izan zen talde nagusian. Tenerifera joan aurretik Amorebieta taldea entrenatzen ari zen, Bigarren B Mailan.

Lotura duten albisteak: