Omar Aizpuru: "Bizpahiru urtean oso talde polita izan dezake Haundik"

Barren.eus 2018ko ira. 14a, 05:38

Omar Aizpuru eta Ivan Garcia dira Haundiko lehen eta bigarren entrenatzaileak, hurrenez hurren. Taldeko jokalaria ere bada Garcia, hamalau taldetan jokatu duen eskarmentu handiko futbolari elgoibartarra. Biekin eta C.D. Elgoibarreko presidente Jon Basurtorekin elkartu gara Ohorezko Erregional Mailan hasi duten denboraldi berriaz berba egiteko. Haundik garaipen batekin hasi du Liga txapelketa, Zarautzen 0-1 irabazita. Domekan Tolosaren aurka jokatuko dute, Mintxetan (17:00). 

-Ohorezko Erregional Mailara igo eta gero, ze itxaropenekin hasi du Haundik denboraldi berria?

Omar Aizpuru: Partida guztietan lehiakorrak izatea da gure buruari jarri diogun helburua. horixe da taldeari eskatuko diodan gutxienekoa. Partiduero 80. minutura irabazteko edo berdintzeko aukerekin ailegatzen bagara, puntuak batzeko moduan izango gara, eta gertuago izango dugu gure helburu nagusia, mailari eustea.

-Maila batetik bestera ze alde dago?
O.A.:Alde handiena da iaz partida guztiak irabaztera behartuta geundela, nolabait esatearren. Geu ginen beti aurrea hartu behar genuenak, mailaz igotzea zelako gure helburua. Irabazi behar horrek presak eta urduritasunak ekartzen ditu zenbaitetan. Orain, alderantziz izango da partida askotan, goian egotera deituta dauden bost edo sei talderen aurka bereziki. Eurei dagokie ekimena. Gure armak erabili beharko ditugu aurkariei min emateko, badauzkagulako. Horiek lantzen dihardugu eta bide onetik goazela uste dut.

-Sentsazio onak dituzu.
O.A: Aurreko denboraldiko dinamika positiboarekin jarraitzen dugu. Taldea ondo entrenatzen ari gara, gustura gaude egindako prestaketarekin, eta sentsazio on horiek ahal dugun bezainbeste luzatu behar ditugu. Hala bada eta lehen itzuli ona egiten badugu ez genuke mailari eusteko arazorik eduki behar, baina... gurea ematen badugu bakarrik lortuko dugu.

-Aurreko denboralditik hona gutxi aldatu da taldea. Nahi zenuten taldea osatu duzue?

Ivan Garcia: Bloke berdinari eutsi nahi genion eta mantendu dugu, iazko berdina baita %90ean. Argi genuen jokalari talde hau balekoa zela, maila bat gorago jokatzeko ere bai. Ikasteko asko duten arren, ilusioa dute eta gazteak dira. Hori bai, maila bat gorago jokatu behar genuenez, taldea indartzeko hiru fitxaketa egin ditugu, momentuz: Aitor Azpiazu azpeitiarra, 25 urteko hegaleko jokalaria, iaz Zumaiakon jokatu zuen Asier Badiola atezain elgoibartarra eta Mikel Rauleaga, Ohorezko Mailan esperientzia duen 27 urteko zarauztarra.

2018 09 12 cd elgoibar fitxaketa berriak zarautz 2018 09 12 cd elgoibar fitxaketa berriak azpeitia 2018 09 12 cd elgoibar fitxaketa berriak atezaina asier

 -Haundiko jokalariek soldatarik kobratzen dute?

I.G: Soldatarik ez, primak bakarrik. Nabarmendu nahi nuke gure taldean bost edo sei jokalarik izan dituztela beste talde batzuetara joateko eskaintzak, soldatak ordaintzen dituzten taldeenak. Eurentzat hoberena zen erabakia hartzeko esan genien, inongo presiorik gabe, eta gurekin gelditzea erabaki dute. Soldata baino beste gauza batzuk aintzat hartu dituzte. Maila honetan badaude baina soldatak ordaintzen dituzten zenbait talde: Eibar, Tolosa, Aretxabaleta, Hernani... Ez gara 1.000 euroko soldatez berbetan ari, hilean 200 bat euro kobratzeaz baizik.
Jon Basurto: C.D. Elgoibarrek bestelako baliabideak eskaintzen ditu. Mintxetako instalazioez gainera, arropa guztia garbitzen zaie jokalarie eta fisioterapeuta bat ere badaukagu. Gure mailan diharduten beste klub askok ez dute horrelakorik eta jokalariek baloratzen dituzte, aldagelako giroarekin batera. Azpiegitura aldetik 2. B mailako talde bat modukoa da Haundi, soldatarena kenduta.

-Epe ertainera egina duzue planifikazioa. Mailari eustea da helburua aurten.

I.G: Bai, futbolean zaila da urte batetik bestera egindako lanari probetxua ateratzea. Hirugarren urtez arituko gara elkarrekin Haundiko jokalariak. Azken denboraldia eta gero, taldeak badaki Omarrek zer eskatzen dion eta Omarrek badaki taldeak zer eman dezakeen. Sekulako bigarren itzulia egin genuen iaz. Hamabost partidatan 37 puntu atera genituen! Aurten aukera dugu mailari eusteko, elkarrengandik gehiago ikasteko eta aurrerapauso bat emateko. Gauzak bide onetik badoaz, hurrengo denboraldian izango gara Hirugarren Mailarako igoera lortzeko hautagaiak. Bizpahiru urtean oso talde polita eduki dezake Elgoibarrek, daukagun taldea eginagoa egongo delako eta beheko mailetatik ate joka ditugulako kalitatezko jokalariak. Indarrean datoz. Iaz erregional
taldeko lau jokalarik eta bost jubenilek egin zuten debuta Haundirekin. Maila badute; esperientzia bakarrik falta zaie.

-Egina duzuen ibilbide-orri horretan guztia bideratzea izango da entrenatzaileon lana.
I.G:Omarren fitxaketa funtsezkoa izan da. Lehiakorrak izaten ikasi dute jokalariek berarekin. Jon (Basurto) presidentearen eta nire apustua izan zen Omar Elgoibarrera ekartzea. Entrenatzaile gaztea da, ilusioz gainezka dago eta trasmititu egiten du. Klubean nahi eta behar genituen ezaugarriak ditu.

-Goian ibiliko diren bost talde aipatu dituzu lehen, Omar.
O.A: Azkoitiko Anaitasuna, Tolosa, Hernani, Eibar Urko eta Aretxabaleta segurutzat jotzen ditut nik. Aurreneko postuengatik borrokan ibiliko dira. Iaz hainbat kluben bigarren taldearen aurka jokatzen genuen, aurten lehen taldeen aurka jokatuko dugu.

-26 urterekin entrenatzaile gaztea zara. Nondik datorkizu entrenatzaile izateko gogo hori?
O.A.: Umetatik, aita ere entrenatzailea baitzen. 17 urte nituen arte jokatu nuen futbolean Azpeitiko Ikasberrin, orkatila puskatu nuen arte. Futbolean gehiago ezingo nuela jokatu esan zidaten. Ni betidanik izan naiz oso futbolzalea eta ezin nuenez egun batetik bestera futbola laga, entrenatzaile izanda bete nuen hutsune hori. Tituluak atera eta Ikasberrin hasi nintzen entrenatzaile, kadeteetan bi urte, jubenilekin hiru urte eta bost urtean entrenatu nuen Ikasberri Preferente mailan, hona etorri nintzen arte.

-Azpeititik Elgoibarrera etorrita, zer ikasi duzu hemen?
O.A.:Etorri nintzenean maila berdinean jokatzen ari ziren Ikasberri eta Haundi. Biak dira klub txikiak, baina historia handiagoa dauka C.D. Elgoibarrek. Aurrerapauso bat izan zen nire ibilbidean. Alderik handiena da hemen presio puntu bat eduki dugula. Gauzak ez ziren ondo hasi. Etxera joan eta buruari buelta asko ematen nizkion hasieran. Horrelakorik ez nuen bizi Ikasberrirekin. Kirolariok beti kudeatu behar dugu gure buruari jarritako presioa, baina beste kontu bat da kanpotik datorren presioari aurre egitea. Aditzen eta entzuten ikasi behar da. Hori ematen ikasi dut batik bat hemen. Ivanek duen eskarmentua laguntza handia izan da. Tandem ona osatu dugu taldeari tira egiteko.
J.B.: Hasieran, gauzak oker zeudenean, denetarik entzun behar izan zuten eta zale batzuk zalantzak zituzten taldea zulotik ateratzeko gai izango ote ziren. Ez zen batere erraza izan. Denboraldi gogorra bezain polita izan zen aurrekoa. Maila galdu osteko denboraldian berriro igotzea oso zaila zela bagenekien. Talde gutxik lortzen dute. Gabonetako etenaren ostean, baina, partidak bata bestearen atzetik irabazten hasi zen taldea eta denok gora etorri ginen animoz. Jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritza bat eginda egotea funtsezkoa izan zen. Omar entrenatzaile aulkira itzultzeak ere izan zuen eragina. Zigor baten ondorioz harmailetatik zuzendu behar izan zuen taldea ligako lehen itzuli ia guztian. Oztopo handia izan zen, partiduetan jokalariekin asko hitz egiten duen entrenatzailea baita.
I.G: Asko eskertu eta igarri genuen Omar bere postura bueltzea. Hobera egin zuen egoerak, nabarmen. Niri ez zait gustatzen lehenengo entrenatzailea izatea eta argi daukat ez naizela inoiz izango. Orain daukadan eginkizunean sentitzen naiz eroso.

-Gaztea bai, baina izaera gogorreko entrenatzailea da Omar. Aulkitik partidak nola bizi dituzun ikustea besterik ez dago.
O.A.: Hori fabrikatik dator nirekin. Jokalari nintzenean ere agintzea gustatzen zitzaidan. Kapitaina nintzen.

2018 09 12 haundi cd elgoibar Omar aizpuru entrenatzailea vs reala

-Bigarren entrenatzailea izateaz gainera, jokalaria ere bazara zu, Iban. Nola uztartzen dituzu bi zereginak?
I.G.: Duela hiru urte hasi nintzen bi lanotan. Batean zein bestean Omarri laguntzea da nire zeregina, zelai barruan, aulkian edo aldagelan. Taldeko jokalari beteranoena naizenez, eta hamalau taldetan ibilia, aldagela kudeatzea dagokit. Gutxiago jokatzen duten jokalariak animatu, ilusioa mantentzen lagundu, jarrera zuzenak izan ditzaten zaindu... denetik pixka bat. Omar eguneroko entrenamenduez eta taktikaz arduratzen da.

- Elgoibarko 13 jokalari daude Haundin.
J.B.: Lehen taldean ahal den jokalari gehien egotea da gure filosofia, taldea eta zaleak elkar hartuta egoteko modu onena delako. Bi baldintza jartzen ditugu: batetik, elgoibartarra izatea eta futbolean ondo jokatzea; eta, bestetik, jarrera eta konpromiso eredugarriak izatea. Futbola aldatu egin da erabat. Behetik datozen gazteek ez daukate gure garaian guk talde nagusian jokatzeko geneukan irrika hori. Ez dut lehen geneukan lehiakortasunaren parekorik ikusten.
I.G: Haundi da nire 14. taldea eta hemen jubenilei ematen diezu aukera Haundin jokatzeko, eta entrenamenduren batera ezin direla etorri esaten dizute batek edo bestek, hau edo hura dutelako. Real Union, Sestao edo Eibarren egon izan naizenean ezinezkoa zen hori. Entrenamenduak zeukan lehentasuna eta nola edo ahala moldatuko zinen ez hutsik egiteko. Hala ere, poliki poliki ari gara gazteen pentsatzeko moduan eragiten. Haundiko partiduak ikustera etortzen dira kadete, infantil eta jubenilak. Haundi erreferente moduan ikusten hasi direla uste dugu. Haundi gehiago sentitzen hasi direla nolabait.

-Haundi alde batera lagata, harrobiarekin ere ari da lanean C.D. Elgoibar.
J.B: Bai, kadeteetatik behera formazioari garrantzi handiagoa ematen diogu lehiakortasunari baino. Futbol Eskolarekin lortu nahi duguna da ume guztiek izan ditzatela aukerak futbolean jokatzeko. Horregatik eskaintzen ditugu deskontuak eta erraztasunak kuotak ordaintzerakoan. Nesken futbola sustatzeko ere gogor ari gara lanean, baina zailtasunak izaten ari gara. Eskubaloiak indar handia du Elgoibarren, urte askoan lan oso ona egin dutelako. Hala, neska gazte askok eskubaloia aukeratzen dute futbolaren aurretik. Une honetan hamasei bat neska dauzkagu eta gehiago izan daitezen lanean jarraituko dugu, jokalari kopuru handiagoa behar baitugu talde bat sortzeko.

 haundi cd elgoibar entrenatzaileak presia sorbaldatik