Pyrenees Stage Run bikotekako lasterketa irabazi du Ainhoa Lendinezek Igone Camposekin batera

Barren.eus 2018ko ira. 9a, 09:48

Zazpi etapatan 240 kilometro egin dituzte Pyrenees Stage Run (PSR) mendiko lasterketa amaitzea lortu duten mendizaleek. Bost parke natural gurutzatu dituzte Andorrako eta Herrialde Katalanetako Pirinioetan barrena osatu duten ibilbidean. Emakumezkoetan Ainhoa Lendinezek eta Igone Camposek osatutako bikotea gailendu da.

Ainhoa Lendinezek barren.eus-eko komunitatean eman du, etapaz etapa, Pyrenees Stage Run lasterketako bizipenen berri, etapaka eta bikoteka egin den Pirinioetako zeharkaldia. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eta Igone Campos zumarragarrak hilabeteak egin dituzte mendiko abentura hau prestatzen eta amaitzea lortu ostean, ikaragarri gozatu dutela adierazi du Lendinezek, "arlo guztietan". Joan den domekan, irailaren 2an, hasi zuten proba Ribes de Freser eta Queralbs artean egin zuten 34,3 kilometroko lehen etaparekin eta atzo egin zuten azkena, Esterri d'Aneu eta Salardú artean. Zazpi etapatan 240 kilometroko ibilbidea osatu eta 15.000 metroko desnibel positiboari aurre egin behar izan diote.

Lendinezek eta Camposek osatutako taldeak, Mendikoloreak, lortu du lehen postua emakumezkoen sailkapenean eta zortzigarrena sailkapen nagusian. Guztira, 44 ordu 53 minutu eta 23 segundo behar izan dituzte zazpi etapak egiteko, eta bost etapatan gainera eurak izan ziren azkarrenak. Mirjam Steunebrink eta Martine Hofstede sailkatu ziren bigarren postuan, irabazleengandik bi ordu eta 9 minutura eta Iva Baronova eta Adela Bodiova sailkatu ziren hirugarren (48:59:45). Gizonezkoetan, bigarren postua lortu dute Imanol Aleson eta Ixaka Oñederra azkoitiarrek.

"Pozik gaude oso. Sailkapenetik harago gure helburua bete degulako. Gure helburua amaitzea zen, Salardúra ailegatzea. Zalantza asko genituen, beldur handia ere bai, baina lortu dugu", adierazi du Ainhoa Lendinezek proba amaieran.

Esperientzia izugarria izan dela azaldu du antxitxikari elgoibartarrak. "Asko gozatu dugu eta antolakuntza paregabea izan da, orain arte ezagutu dugun apartena, parte hartu dugun eskiko eta mendiko lasterketa guztiak kontuan hartuta. Etxekoak bagina moduan zaindu gaituzte". Aste oso bat mendian korrika egitera zentratuta egotea uste zuena baino esperientzia hobea izan dela gaineratu du Lendinezek: "Zoragarria izan da goizean goiz esnatzea, kostata hori bai, ondo gosaldu, traste denak hartu eta sei, zazpi, eta batzuetan baita bederatzi ordu ere, mendian pasatzea. Gero, etapako helmugara ailegatu, masajea hartu, siesta txiki bat egin, afaldu, lagunekin gustora egon eta berriz ere lotara. Horrela zazpi egun. Badakigu esperientzia hau bizi osorako gogoan geldituko zaigula, eta astelehenean lanera bueltatzen geranean joan den asteko errutinaren falta igarriko dugula".

2018 09 04 ainhoa lendinez elgoibar barren PSR Pyrenees Stage Run 2 etapa besarkada 3 etapa

2018 09 04 ainhoa lendinez elgoibar barren PSR Pyrenees Stage Run 2 etapa berba 3 etapa