Mayi Mujikak hirugarren egin zuen Munduko Kopako Matterhorn Ultraks lasterketan

Barren.eus 2018ko ira. 2a, 11:00

Mayi Mujikak mendi lasterketetan lehiatzeko erabili ditu abuztuko oporraldiko zenbait egun, eta emaitza bikainak lortu ditu. Hasteko, Cursa per Muntanya Vistabella lasterketan lortu zuen bosgarren postuari esker, mendi lasterketen Espainiako Kopako hirugarren postuan amaitu du. San Bartolome egunean, berriz, Suitzako Matterhorn Ultraks lasterketan hartu zuen parte eta hirugarren egin zuen.

Mendi lasterketen Espainiako Kopan lehiatu da Mayi Mujika euskal selekzioa ordezkatuz, eta Elgoibarren bizi den legazpiarrak sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratu du. Bost probaz osatua egon da kopa, Zumaiako Flysch Traila izan zen azkenaurrekoa eta Castellonen jokatu zuten azkenekoa joan den abuztuaren 5ean, Cursa Per Muntanya Vistabella mendi lasterketa. Kopako sailkapen nagusiko hirugarren postuan ailegatu zen probara Mujika, eta 27 kilometroko lasterketan bosgarren eginda eutsi egin zion podiumean zuen lekuari. Zumaiako proba moduan, mendi lasterkari azkarrenentzako egokia zen Castellongo proba. Proba gogor eta aldapatsuagoak gogoko ditu Mujikak, bere ezaugarrietara hobeto moldatzen direlako. Hala ere, pozik da egin zuen lasterketarekin, azken igoerako azken 200 metroetan Laia Cañesek aurrea hartu zion pena badu ere. 

Jokatutako bost lasterketetako emaitzak kontuan hartuta, Sandra Sevillano bilbotarrak irabazi du Espainiako Kopa, 376 punturekin. Balear uharteetako antxintxikari Bel Calero sailkatu da bigarren postuan 327 punturekin eta Mayi Mujikarentzat izan da hirugarren postua, 300 puntu batuta. Espainiako Kopan parte hartzen zuen estreinako aldian podiumera igotzea inondik inora espero ez zuen lorpena dela dio Mujikak. "Esperientzia oso ona izan da Espainiako Kopan lehendabizikoz parte hartzea. Batetik lortu ditudan emaitzak lortzerik espero ez nuelako, ez nuen inondik inora podiumean amaitzea espero. Eta bestetik Euskal Selekzioan dagoen giro onagatik. Sorpresa atsegina izan da oso selekziokoa", adierazi du.

mayi mujika espainiako kopa hirugarren podium
• Hirugarren postua Munduko Kopako proban
Mediterraneoko mendietatik Alpeetara joan zen Mujika. Hango mendietan pasa du abuztuko oporraldia, eta oporraldiaren amaieran, abuztuaren 24an, Suitzako Matterhorn Ultraks lasterketan lehiatu zen, Munduko Skyrunner zirkuituko proba puntuagarrian, hain zuzen ere. Euskal selekzioko bost kidek hartu zuten parte eta maila bikaienean aritu ziren guztiak, bost kideak aurreneko postuetan sailkatu baitziren. Emakumeei dagokionez, Mayi Mujika, Nahia Quincoces eta Aitziber Ibarbia 3., 5. eta 7. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Matterhorn Ultraks 49 kilometro luze eta 3.600 metroko goranzko desnibela duen lasterketa da, Suitzako Zermat herrian hasi eta amaitzen dena, Matterhorn edo Cervino mendi ikoniko eta ederraren bueltan, eta Gornergrat du ibilbideko puntu garaiena, 3.100 metrotan. Virginia Perez gasteiztarra izan zen azkarrena emakumezkoetan, bost ordu, 56 minutu eta sei segundoko denbora eginda. Laia Andreu kataluniarra sailkatu zen bigarren (6:01:15) eta Mayi Mujikak egin zuen hirugarren (6:22:03). “Ezusteko handia izan da lehen postuen lehian ibiltzea. Lasai hasi naiz, indarrak neurtuz, eta lasterketak aurrera egin ahala ondo nengoela ikusita dena eman dut. Asko gozatu dut, batik bat Gornergrat gailurrean”, azaldu zuen Mujikak proba amaieran.
Aurten Espainiako Kopa Euskal selekzioarekin lehiatzeaz batera, Goierriko Bi Handiak lasterketa prestatu zuen Mujikak, nahiz eta ekaitzaren ondorioz bertan behera laga behar izan zuten proba. G2Haundiak probarako eginiko prestaketa lanekin, baina, sasoi puntuari eutsi zion eta etekina atera zion gero Suitzako lasterketa gogorrean. (informazio osoagoa Euskal Mendizale Federazioaren webgunean). Hona hemen, Matterhorn Ultraks lasterketaren laburpen bideoa.

Hurrengo erronkak
Mujikak Hiru Haundiak proba egiteko asmoa du urriaren 20an, baina astebete lehenago Munduko Skyrunner Kopako azkena, Limone (urriak 13), lehiatzeko aukera izan dezake eta azken erabakia hartzeke du oraindik.

∞ Lotura duten albisteak:

2018 09 03 mayi mujika elgoibar altzoan