Elgoibarko idi-dema txapelketa Saizar Sariketarako proba puntuagarria izango da. Parte hartuko duten hamar idi-pareek 1.780 kiloko harriari tira egin beharko diote 30 minutuko saioetan. Barixakuan jokatu zuten lehen jardunaldian hiru idi pare aritu ziren lehian: Mandiola (Errezil), Aurrekoetxea (Loiu) eta Bizkiak (Errezil).
Gaurko saioan, 22:00etatik aurrera, Kamiñoko (Murueta), Lopetegi (Birle), Ipiñarrieta (Urretxu) eta T. Goienaren (Mungia) idi pareak irtengo dira plazara. Azken jardunaldia astelehenean, irailaren 3an, jokatuko dute Isidro Erretegiak (Azkoitia), Olidenek (Orio) eta Zubi Ondok (Zalla).