Alcortak Baionako Aviron taldearen aurka jokatuko du San Bartolome Eskubaloi Txapelketa

Barren.eus 2018ko abu. 31a, 08:39

San Bartolome Eskubaloi Txapelketaren 16. ekitaldia jokatuko dute zapatuan, irailak 1, Olaizaga kiroldegian. Alcorta Forging Group taldeak Aviron Bayonnais talde lapurtarra izango du aurkari.

Elgoibartarren eta baionarren arteko neurketa 19:30ean hasiko da. Sanloko arduradunek jakinarazi dutenez, eskubaloia ulertu eta jokatzeko beste era bat du Baionako taldeak eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Olaizaga kiroldegira hurbiltzen diren zaleek. Aurre denboraldian murgildurta dagoen Alcorta taldearentzat partida egokia izango da duten sasoi puntua neurtzeko eta baita hurrengo egunean duten lehen erronkari aurre egiteko ere, Euskadiko Kopako lehen partida jokatuko baitute Gojko Vucinicen mutilek, domekan, Donostiako Egia taldearen aurka. Olaizaga kiroldegian jokatuko dute partida, 10:00etan.

Alabaina, Aviron Bayonnais eta Alcortaren artekoa ez da Sanlok zapaturako antolatu duen partida bakarra, hainbat lagunarteko partida jokatuko baitituzte Sanloko gazte mailetako zenbait taldek egun berean. Hona norgehiagokak eta ordutegia:

  • 10:00 Elgoibarko Sanlo - Ermuko Errotabarri (Kadete neskak)
  • 11:30 Elgoibarko Sanlo - Pulpo (Kadete mutilak)
  • 16:00 Elgoibarko Sanlo - Pulpo (Jubenil mutilak)
  • 17:30 Elgoibarko Sanlo - Ermuko Errotabarri (Jubenil neskak)