Juan Kruz Gabilondo omendu du Betis futbol klubak

Barren.eus 2018ko abu. 30a, 09:48

Betis taldeko ordezkarien bisita jaso du Juan Kruz Gabilondok Elgoibarko bere etxean. Urte gogor askoren ondoren, 1954. urtean Betis taldea Espainiako Ligako Bigarren Mailara igo zuen hamaikakoan izan zen Gabilondo eta klubak eskerrak eman nahi izan dizkio orduan egindako guztiagatik. 

Rafael Gordillo Sevillako Betis futbol taldeko Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Manolo Rodriguez Real Betis Balompie Fundazioko kudeatzaileak oroigarri bateta Betiseko kamiseta bat oparitu zizkioten Gabilondori, bere izena eta 90 zenbakiarekin. Zenbakiak Gabilondoren adinari egiten dio erreferentzia, maiatzaren 3an bete baitzituen 90 urte.

• Lau mosketeroetako bat

Juan Kruz Gabilondo 1953. urtean fitxatu zuen Betisek. Mirandes taldean ibilia zen aurrez, eta berehala egin zuen lekua Betisen ohiko hamaikakoan. Atzelari aritu zen, eta sasoi hartan lau mosketeroak izenez bataiatu zuten laukoteko bat izan zen. Gonzalez atezainak eta Portu eta Cifuentes hegalekoek osatzen zuten laukote hori Gabilondorekin batera. Esan bezala, Betis taldea Bigarren Mailara igotzea lortu zuen talde hark, eta Gabilondok bere maila onena erakutsi zuen, harik eta meniskoa hautsi eta aldi batez futbola laga behar izan zuen arte. 

Gabilondok biziki eskertu zuen Betiseko ordezkarien bisita eta adierazi zuen Betis duela bere bihotzeko kluba.

2018 08 25 juan kruz gabilondo betis rafael gordillo

2018 08 25 juan kruz gabilondo betis rafael gordillo elgoibar

 juan kruz gabilondo betis fitxaketa 1953