Sanlo eskubaloi taldea egiten ari den lanari adi daude talde handiak. Alegia, Sanlon nabarmenduz gero, jokalariek zabalik dituzte goi mailan lehiatzeko ateak. Asobal Ligara joan ziren Sanlotik Imanol Garciandia edo Ander Iriarte, Alcorta senior taldetik biak. Baina, Sanloko behe mailetan diharduten jokalarien ibilbideak ere jarraitzen dituzte eliteko taldeek. Jubeniletatik Zuazora egin berri du jauzia June Loidik, eta antzerako bidea jarraituko du Asier Urainek ere. 18 urteko jokalariak bi urterako kontratua sinatu berri du Vestas Balonmano Alarcos taldearekin, Sanlo eta Ciudad Realeko taldea adostasun batera ailegatu eta gero.
June Loidi moduan, Asier Urain ere behe mailetako Espainiako selekzioen deialdietan izan da behin baino gehiagotan. Gainera, 2017an Euskadiko jokalari onenak izendatu zituzten bata zein bestea. Urainek Sanloko Deca taldearekin jokatu du azken denboraldian eta jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketako Lauko Finalerako sailkatu ziren. Olaizaga kiroldegian jokatu zen txapelketa eta laugarren egin zuten elgoibartarrek.
• Asobalera igotzea helburu
Urainen talde berriak, Vestas Balonmano Alarcos taldeak, Asobal ligara igotzea izango du helburu datorren denboraldian, aurten gutxigatik lortu ez duten helburua, igoerarako kanporaketak jokatzera ailegatu baitziren. Mantxako taldeak jakinarazi duenez, taldea laga duen Jorge Mestre gazteak ezker hegaleko postuan lagatako hutsunea betetzeko fitxatu dute Urain. Taldeko kapitaina den Brian Negreterekin partekatuko du Urainek ezker hegaleko postua.
Sanloko presidente Aitor Urainen semea da Asier. Argazkian aita-semeak, Espainiako Txapelketakio Lauko Finalean, Olaizagan, jokalari onena izendatu zutenean. Arg: BARREN.