Josemi Gabilondok omenaldi hunkigarria jaso zuen San Migelgo auto igoeran

Barren.eus 2018ko uzt. 23a, 15:09

Auto igoeretan eta rally munduan diharduten pilotuen eta motor zaleen berotasuna jaso zuen Jaime Gabilondok, orain gutxi zendu zen aitari San Migel auto igoeran egin zioten omenaldian.

San Migel auto igoera berreskuratzea erabaki du Kastinparro Racing taldeak aurten. Estreinako San Migel Igoera 1988ko uztailaren 25ean egin zuten Etxebarria eta Urkaregi bitartean, eta parte hartu zutenen artean zegoen Josemi Gabilondo elgoibartarra, bere Renault Alpine A110 auto historiko eta ezagunarekin. Kastinparro taldekoek gogoan izan zuten atzo orain dela gutxi hil zen Gabilondo. Edu Agirrek, Jose Luis Miñanak eta Jesus De La Fuentek bultzatu dute lagun zuten Josemi Gabilondori eginiko omenaldia. Gabilondoren seme Jaimerentzat lasterketetan lehiatu ahal izateko egun baterako lizentzia atera zuten, eta hala, aitaren autoa gidatu zuen atzo Etxebarria eta Aiastia artean, lehiaketatik kanpo. Berak egin zuen lehen igoera zaleen txaloak jasotzeko. Gidari guztiek igoera osatu zutenean ere Renault Alpineak gidatu zituen beherako bidean Etxebarriaraino. Antolatzailleek txapela oparitu zioten Jaime Gabilondori, aitak automobilismoari egindako ekarpen guztia eskertzeko. Gero, Renault Alpinearen inguruan jarrita taldeko argazkia atera zuten San Migelgo bigarren auto igoeran parte hartu zuten 45 pilotuek, Jaime Gabilondok eta antolatzaileek. Edu Agirre mendaroarrak azaldu duenez, Josemik zerbait ondo egin zuela argi geratu zen atzo. "Omenaldi hunkigarria jaso zuen, sentimenduak azaleratu zituen jendeak. Jaime semea urduri zegoen autoa gidatu behar zuelako, baina dena ondo irten zen, primeran, eta txalo zaparrada jaso zuen errepidera irten zenean". Kastinparro taldekoei eta Euskal Automobilismo Federazioko kideei eskerrak eman dizkie Agirrek omenaldia antolatzen laguntzeagatik. 

• Asier Gidaburu gernikarra azkarrena
Lehiari dagokionez, Gernika Racing Taldeko Asier Bidaburu gailendu zen II. San Migel auto igoeran. Lehenengo txandan lortu zuen denborarik hoberena gernikarrak, 2.39.013 denboran osatu zuen 4,400 kilometroko tartea. Aitor Zabaleta bergararra eta bere Lola T298 autoa sailkatu ziren bigarren postuan (02:39.013). Bergararrak duela 30 urteko proban ere hartu zuen parte. Hirugarren postua, berriz, Jose Antonio Lopez-Fombonarentzat (02:53.599) izan zen. Lamborgini Huracan Supertrofeo auto ikusgarria gidatu zuen Lopez-Fombona asturiarrak. Bi pilotu elgoibartar ere lehiatu ziren igoeran. Unai Usobiagak (AX GT) istripua izan zuen eta ez zuen proba amaitzea lortu. Jesus De La Fuente, berriz, 24. postuan sailkatu zen (03:19.471) eta bere kategoriako lehen postua eskuratu zuen Seat 124 auto klasikoarekin. (ikus sailkapenak -PDF-)

Lotura duten albisteak:

2018 07 22 san migel auto igoera josemi gabilondo omenaldia agirre joseluis

2018 07 22 san migel auto igoera josemi gabilondo omenaldia alpine

2018 07 22 san migel auto igoera josemi gabilondo omenaldia jaime autoan

2018 07 22 san migel auto igoera josemi gabilondo omenaldia irteera

2018 07 22 san migel auto igoera josemi gabilondo omenaldia txapelagaz