Markel Bergarari agur esateko eta eskerrak emateko bideoa egin du Realak

Barren.eus 2018ko uzt. 23a, 10:42

Markel Bergara elgoibartarrak eta Realak euren arteko kontratua etetea adostu dute, jokalariak klubarekin 2019ko ekainaren 30era bitarte zuen kontratuari amaiera emateko. Erdilariak Realean egin dituen 20 urteak, 1998tik 2018ra, bideo batean laburtu ditu talde txuri-urdinak.

Markel Bergara utzita aritu zen joan den denboraldian Getafe futbol taldean. Erdilari elgoibartarra bere taldera batzeko interesa zuela adierazi zion talde madrildarrak donostiarrari, eta jokalariaren gustuko aukera zenez, bere irteera ez oztopatzeko erabakia hartu du Realak, jokalariak klubarekin 2019ko ekainaren 30era arte kontratua zuen arren. Realak joan den barixakuan eman zuten jakitera akordioa. Realeko presidente Jokin Aperribayk Realarekin izandako "dedikazioa eta konpromisoa" eskertu eta "etorkizun pertsonalean zein profesionalean" zorterik onena opa zion Markel Bergarari. "Eskerrak gure koloreak defendatzeagatik eta etapa honetan erakutsitako profesionaltasunagatik. Reala zure etxea izango da beti". Era berean, Realak erdilari elgoibartarrak talde txuri-urdinean egin dituen hogei urteen errepaso bideoa ere zabaldu du. 

•Hogei urteko ibilbidea Realean

Markel Bergara 1998an hasi zen jokatzen Realean, 12 urte zituenean. 2003an egin zuen debuta Real Sociedad B taldearekin. Lehen taldearekin 2007an debutatu zuen, Bigarren Mailan, aurreko bi denboraldiak Eibarren eta Vecindarion utzita jokatu eta gero. Markel Bergara oinarrizko jokalaria izan zen Reala 2010ean Lehen Mailara itzuli zenean. Hurrengo denboraldietan titular izan zen Martin Lasarte, Philippe Montanier, Jagoba Arrasate eta David Moyes entrenatzaileekin. 2017-2018 denboraldian, baina, Realak Getafera bidali zuen, utzita jokatzeko, Eusebio Sacristan entrenatzailea zen garaian.
Getaferekin 18 partida jokatu ditu Bergarak, eta lau gol sartu, bere ibilbide osoan baino gol gehiago. Nahi baino partida gutxiago jokatu ditu Getaferekin, lesioen ondorioz. Gainera, lau bider pasa behar izan du kirofanotik aurten. Oin bateko bosgarren metatarsoan izandako lesio bat sendatzeko izan dira kirofanora eginiko bi bisita, baina ari da osatzen eta aurredenboraldia taldekideekin hasi du.

2018 07 23 markel bergara elgoibar reala 624x385Diario Vasco