Maite Maiora gailendu zen Collaradako igoera bertikal bikoitzean, eta Iñigo Lariz izan zen azkarrena 'Puyar nomas' kategorian

Barren.eus 2018ko uzt. 20a, 15:49

Collarada mendira (2.886 metro) igo eta jaitsi (Puyar y baxar) egiten dute mendiko lasterkariek Collaradako igoera bertikal bikoitzean. Emakumezkoetan, Maite Maiora mendaroarra izan zen azkarrena. Gizonezkoetan Luis Alberto Hernandok irabazi zuen proba. Eta igoera bakarrik kontutan hartzen den proban, "Puyar nomas" izenekoan, Iñigo Lariz gailendu zen.

Aragoiko pirinioetan jokatzen da 2KV Collarada mendi lasterketa. Huescako Villanua herritik irten eta Collarada mendira (2.886 metro) igo eta jaitsi ziren mendi lasterketa honen zazpigarren ekitaldian parte hartu zuten 111 lagunak, uztailaren 15ean. Gizonezkoetan, Luis Alberto Hernando ultra trail lasterketetako munduko txapelduna izan zen 17 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena. Hernandok gainera, probako errekorra ondu zuen, bi ordu, lau minutu eta 50 segundoko denbora eginda.

Emakumezkoetan ere munduko beste txapeldun bat gailendu zen, Maite Maiora mendaroarra. Eta, honek ere, probako errekorra ezarri zuen. Bi ordu, 34 minutu eta hogei segundoko denbora eginda, Maiorak lau segundoan ondu zuen berak 2013ko proban ezarritako errekorra, azkenengoz parte hartu zuen edizioan, hain zuzen ere. Sonia Regeirok egin zuen bigarren (2:56:16) eta Claudia Valerok hirugarren (2:59:53). Maiorak errekorra ontzea zuela buruan aitortu zuen lasterketa amaieran. "Igoera ordu bat eta 45 minutuan egin nuela ikusi nuenean, 50 minuturen barruan jaistea lor nezakeela pentsatu nuen, eta ahal nuen azkarren egin nuen jaitsiera. Azken zatian belaunean min hartu nuen eroriko baten ondorioz, baina lortu nuen errekorra ontzea, gutxigatik izan bazen ere". Maiorak ondo ezagutzen ditu Collarada mendia eta inguruak, sarri erabiltzen baititu entrenamenduetarako. Saltakari mendaroarrak Munduko Txapelketako lasterketa batean parte hartzeko asmoa du orain, Italian. 

2018 07 18 maite maiora collarada errekorra

• Iñigo Lariz indartsuena aldapa gora
Puyar nomas modalitatean, hau da, Villanuatik Collaradara igotzen, Iñigo Lariz elgoibartarrak lortu zuen proba irabaztea. "Sentsazio onak izan nituen lasterketan. Irteera azkarra egin genuen Trapa pareraino, eta handik aurrera bakarrik gelditu nintzen lasterketa buruan. Collaradako tontorrera ailegatzeko falta zitzaidan zatian indarrak neurtzen eta kudeatzen asmatu nuen, proba irabazteko alde nahikoa ateratzen niela atzekoei uste bainuen. Errekorra ontzea ez zen nire helburuetan sartzen eta erreferentziarik ere ez neukan", azaldu du Larizek. Ordubete, 27 minutu eta 27 segundoan egin zuen igoera. Larizek dio lasterketa kuttunetarikoa duela Collaradakoa. "Lasterketa teknikoak gogoko ditut, eta Collarada mendi perfektua da. Villanua herritik irten eta hamazazpi kilometroan ia 3.000 metroko mendia igotzen duzu. Hemen inguruan ez dago antzerako beste mendirik. Entrenatzeko leku aparta da eta paraje ikusgarria gainera".

2018 07 18 iñigolariz collarada Inigo Lariz MONRASIN