Josemi Gabilondo zena omenduko dute San Migelgo auto igoeran

Barren.eus 2018ko uzt. 19a, 12:39

Duela gutxi zendu zen Josemi Gabilondo auto gidari elgoibartarra omenduko dute asteuruan jokatuko den San Migelgo bigarren auto igoeran. Auto lasterketa zaleen artean horren ezaguna den Gabilondoren auto historikoa, Renault Alpine A110, gidatuko du Josemiren seme Jaimek, lehiaketatik kanpo.

Etxebarriako Kastinparro Racing taldeak antolatuta, San Migelgo auto igoeraren bigarren edizioa jokatuko da domekan (uztailak 22), Etxebarria eta Aiastia bitartean. Ibilbide honekin, 1988an antolatu zuten estreinako San Migelgo auto igoera. 30 urte pasatu dira harrezgero, eta proba berreskuratzea erabaki dute Kastinparro taldekoek. "Lea-Artibai eskualdea zeharkatu zuen VII. Lea-Artibai Rallya antolatu genuen apirilean, eta horren ostean, auto igoera bat ere antolatu behar genuela erabaki genuen. Horrela hasi ginen San Migelgo igoera prestatzen eta Josemi Gabilondoren laguntza ere izan genuen prestaketetan", azaldu dute Kastinparroko kideek. Hori dela-eta Josemi Gabilondo gogoan eduki nahi izan dute eta omenaldia eskainiko dute. Edu Agirre mendaroarraren ekimenez, Gabilondok horrenbeste urtean gidatu zuen Renault Alpine autoa irtengo da beste behin ere errepidera, baina Josemiren seme Jaime Gabilondok gidatuko du oraingoan. Antolatzaileek oraindik ez dakite ziur noiz irtengo den errepidera auto historikoen mailan Euskadiko txapeldun behin baino gehiagotan izan zen ibilgailua. "Parte hartzaileekin berba egin ostean erabakiko dugu egunean bertan, baina zero kotxaren aurretik irtengo da ziurrenik, zaleen errekonozimendua jaso dezan", zehaztu dute. 

• Unai Usobiaga partaideen artean

Guztira 46 auto gidari daude izena emanda San Migelgo auto igoeran parte hartzeko, Txus Jaio eta Aitor Zabaleta tartean. Unai Usabiaga elgoibartarrak ere hartuko du parte, Citroen AX GT autoarekin (izena emandakoen zerrenda -PDF-). Proba Euskadiko eta Bizkaiako auto igoera txapelketetarako puntuagarria izango da. Partaideek lau igoera egingo dituzte, 4,4 kilometroko ibilbidean. Entrenamenduetarako txandak izango dira bi eta txanda ofizialak beste biak. Domekan, uztailaren 22an, 9:00etan hasiko da lehen entrenamendu txanda eta segidan egingo dituzte beste hirurak. Bide mozketa 8:00etan egingo dute. Sari banaketa ekitaldia 15:00etan egitea aurreikusten dute Etxebarriako Peñalekua plazan.

josemi jaime gabilondo alpine renault elgoibar v1