Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2018 07 14 beasain kiroldegia ebakuatuak ehunmilak goierri hitzaEhunmilak ultratraila eta Goierriko Bi Handiak probak bertan behera lagatzea erabaki antolatzaileek goizaldean, ekaitzarekin parte hartzaileen segurtasuna ezin zutelako bermatu. “Aralarrera igotzea desastrea izango litzateke”, adierazi du Ehunmilak lasterketako antolatzaile Mikel Valdivielsok gaur goizean. 3000 bat pertsona (boluntarioak eta lasterkariak) ebakuatu behar izan dituzte, eta Beasaingo kiroldegian pasa dute gaua. Elgoibartar mordoxka ari zen parte hartzen proba hauetan.

“Erabakia hartzea ez zen erraza izan baina eguraldiaren profesinalek esandakoari entzun eta prebisioa oso txarra zenez ehunmilak eta G2hk probak bertan behera uztea erabaki genuen, guztion segurtasuna zen gure lehentasuna”, esan du Mikel Valdivielsok gaur goizean. Ehunmilak probako lasterkariak Beasaingo plazatik abiatu ziren barixakuan, 18:00etan. 168 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, 11.000 metrotik gorako desnibel positiboarekin. Ediziorik jendetsuena zen aurtengoa gainera, 473 lagunek eman baitute izena, tartean hiru elgoibartarrek: Pedro Alvarez De Pablo, Iban Fernandez eta Gorka Mir.

Elgoibartik ere igarotzen da Ehunmilak ultra traileko ibilbidea, eta 22:00etatik aurrera pasatu dira parte hartzaileak Azkarate gainetik. Gero, Xoxotetik behera jaitsiz, 23:50 aldera iritsi dira parte hartzaile azkarrenak Azpeitira. Une horretan eguraldiak okerrera egin du eta karga elektriko handiko ekaitza hasi da. Antolatzaileek Ehunmilak lasterketa Azpeitian neutralizatzea erabaki dute 00:30ak aldera, parte hartzaile gehienek 52 kilometro eginak zituztenean. G2Handiak probako parte hartzaileak 19. kilometroan, Larraitz (Abaltzizketa) parean, harrapatu ditu ekaitzak eta hori ere neutralizatu egin dute. Eguraldiak hobera egiten zuen ala ez ikusi nahi zuten. Hala ere, okerrera egingo zuela ikusita, bi lasterketak bertan behera lagatzea erabaki dute, "korrikalariek kalterik ez izateko". Erabakia hartu ostean, mendi inguruetan zeuden 1.000 korrikalari eta 1.600 boluntario inguru ebakuatzeko lanak hasi dituzte. Antolakuntzako kideak, boluntarioak eta Gurutze Gorria jo eta su lanean aritu dira, 3000 bat lagun ebakuatu behar izan baitituzte, eta horietako askok Beasaingo kiroldegian pasa dute gaua. 

G2Handiak 88 kilometroko proban hamabost bat elgoibartar ari ziren parte hartzen. 

•Dominguez eta Mujika lehen postuan zihoazen

Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez gasteiztarra zen aurten ere Ehunmilak irabazteko faborito nagusia, lau alditan irabazi baitu proba hori, azkenengoz iaz, eta errekorra onduta gainera. Gaur ere lehen postuan zihoan lasterketa neutralizatzeko erabakia hartu dutenean, Azpeitiko anoagunetik irtetzera zihoan unean, 54 kilometro eginak zituenean, eman diote neutralizazioaren berri. Antolakuntzak hartutako erabakiarekin “guztiz ados” agertu da “segurtasuna baita lehenetsi behar dena”. Ehunmilakeko antolakuntzari dagokionez “guztietan onena” dela nabarmendu du Dominguezek Goierriko Hitzari emandako adierazpenetan, eta oraingo egoera berezi honen aurrean ere “erabakiak hartu eta erreakzionatzeko ahalmena dutela erakutsi dute”.

Era berean, Mayi Mujika elgoibartarra ere G2H probako lehen postuan zihoan neutralizazioaren berri izan dutenean. “Sentsazio onak nituen, eta horregatik eman zidan pena gelditzeak. Halere asmatu zutelakoan nago”, azaldu du Mujikak. Ekaitzaren erdian galduta ere ibili zen, ikusmena oso urria baitzen eta bi metrotik aurrera ez zutelako ezerr ikusten. Iaz hirugarren egin zuen Mujikak eta iazko marka hobetu nahi zuen aurten.

2018 07 14 ehunmilak javi dominguez Arg igone campos

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza