Olaso eta Jaujar taldeek jokatuko dute Txarriduna Cup 7 Futbol Txapelketako finala

Barren.eus 2018ko uzt. 12a, 09:56

Herriko zenbait gaztek Txarriduna Cup 7 Futbol Txapelketa antolatu dute aurten estreinakoz, Elgoibarko eta Eibarko Udal Kirol Patronatuek Bailarako Futbol 7 Txapelketa ez zutela antolatuko erabaki eta gero. Hamabi talde aritu dira lehian eta Jaujar eta Olaso ailegatu dira finalera. Zapatuan (uztailak 14) jokatuko dute finala Mintxetan.

Aritz Iriondo epaile elgoibartarrari eginiko erasoaren ostean, bertan behera gelditu zen iaz Bailarako Futbol 7 Txapelketaren 20. edizioa. Antolatzaileek berriro martxan jartzeko asmoa zuten aurten, baina epaileen gaia lotuta, iazkoa modukorik berriro ez gertatzeko. Elgoibarko Kirol Patronatuko arduradunek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Futbol Federazioko arbitroen batzordearekin harremanetan jarri ziren duela hilabete batzuk, federatutako arbitroak jar zitzatela eskatzeko. "Arbitro hoiek hona ekartzearen kostua guk ordainduko genuela ere azaldu genien arren, ez ginen batzordearekin ezer adostera iritsi, eta beste aukera batzuk aztertu bagenituen ere, txapelketa ez antolatzea erabaki genuen azkenean", azaldu dute patronatutik. Erabakia hartu eta gero, "azken momentuan, ekainean" txapelketa antolatzeko prest zegoen gazte talde bat azaldu zen. "Horrelako txapelketa bat antolatzeak dakartzan arriskuak azaldu genizkien arren, aurrera egitea erabaki zuten. Antolakuntzatik kanpo gelditu ginen patronatuak, eta Mintxetako futbol zelaiaren alokairua kobratzen diegu", zehaztu dute Patronatutik.

Gazteen ekimena

Asier Garmendia, Tomas Azpeleta eta Mikel Garate dira txapelketa berri hau sustatu duten herriko gazteak. Urtero irrikitan egoten ziren txapelketa hau jokatzeko eta pena eman zien aurten bertan behera gelditzeak. Hori dela-eta euren kabuz antolatzeko asmoa zutela jakinarazi zieten aurreko urteetan parte hartu izan duten Elgoibarko hainbat talderi eta laguni. Azkenean, herriko hamabi taldek eman zuten izena, "hiruzpalau berriak" Garmendiaren berbetan. Babesleen bila ere jo zuten eta Txarridunarena topatu zuten. Hala, Txarriduna Cup 7 Fútbol Txapelketa izateaz gainera, "sari potoloak" ere eskuratu dituzte. "Txapelketa irabazten duen taldeak 200 euro jasoko ditu eta taldekide guztientzako afaria Txarridunan. Txapeldunordeek ere afaria jasoko dute saritzat". Era berean, Casa Astigarragare eta Malape tabernaren babesa ere izan dute.

• Olaso vs Jaujar, finalean
Kirol lehiari dagokionez, ekainaren 11n hasi zen txapelketako finalerdiak jokatu dituzte aste honetan. Martitzenean jokatu zuten lehen finalerdian Olaso taldea sailkatu zen finalerako Roketxeri 1-2 irabazita. Olasok bi alditan irabazi zuen Bailarako Futbol 7 Txapelketa. Bigarren finalerdia eguazten arratsaldean jokatu zuten Jaujar eta La Roita taldeek. Lehenengoek 4-2 irabazi zuten neurketa eta Olasoren aurka jokatuko dute finala.
Finala zapatu honetan, uztailaren 14an, jokatuko dute Mintxetan, 12:00etan hasita.

2018 07 11 futbol 7 txarriduna cup mintxeta jaime babesa

futbol 7 txarriduna cup mintxeta antolatzaile

2018 07 11 futbol 7 txarriduna cup mintxeta11