Kirola eta aisia uztartuta, aste ederra pasa dute Sanloko infantilek Eslovenian

Barren.eus 2018ko uzt. 11a, 12:19

Esloveniako Koper herrian jokatu den Eurofest nazioarteko eskubaloi txapelketan hartu du parte Sanloko Hotel Txarriduna infantil mutilen taldeak, uztailaren 3tik 8ra bitartean. Motxila esperientziez eta irakaspenez beteta ekarri dute.

Hemeretzi herrialdetako 3.000 jokalari baino gehiagok hartu dute parte 26. Eurofest eskubaloi jaialdian. Kirol lehia baino gehiago da eta horregatik izendatzen dute antolatzaileek jaialdi modura. Lehen egunean, esaterako, inaugurazio ekitaldian hartu zuten parte taldeek Koper herrian egin zuten kalejiran. "Joko Olinpikoetako inagurazioetan moduan, euren herrialdetako banderak eraman zituzten taldeek, ikurriña guk, eta musikarik ere ez zen falta izan Koper herriko plazatik porturaino egin genuen kalejiran. Galiziarrak gaitero eta guzti irten ziren", azaldu dute Sanlotik. Inaugurazio ekitaldiaz gainera, karaokea eta antzerako beste zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izan dute gazteek. Beste taldeetako jokalariekin ingelesez egin dituzte hartu-emanak eta esperientzia aberasgarria izan dela azaldu dute. 

Elgoibartik 24 lagun joan dira Esloveniara, horietatik hamahiru Hotel Txarridunako jokalariak. Espedizioko kide izan da Sanloko entrenatzaile Gojko Vučinić (Montenegro, 1970) ere. Vučinić-k Koper ondoan dagoen Izola herriko eskubaloi taldean jokatu zuen hainbat urtez, eta ondo ezagutzen du inguru hura. Ez hori bakarrik, lagunak ditu Eurofest jaialdiko antolatzaileen artean.
Kirol lehiari dagokionez, Hotel Txarriduna taldeak guztira zazpi partida jokatu zituen Frantzia, Eslovenia, Israel (selekzioa), Kroazia eta Txekiako taldeen aurka, eta 18. postuan sailkatu zen bere mailan. Leku berezian jokatu zituzten partidak, Koperreko portuan zegoen kantxan, hain zuzen ere. Beste herrialde batzuetako taldeen aurka jokatzea esperientzia aparta eta aberasgarria izan dela azaldu dute Sanlotik. Baina dena ez da kirola izan. Herrialdea piska bat ezagutzeko aukera izan zuten eta Izola herria eta Postjnska Jama leize "ikusgarriak" nabarmendu dituzte ikusitakoen artean. "Primeran pasatu dute umeek eta sekula ahaztuko ez duten esperientzia izan da eurentzat", azaldu dute.

2018 07 07 hotel txarriduna elfoibar sanlo eslovenia koper 1

2018 07 07 hotel txarriduna elfoibar sanlo eslovenia koper 2

2018 07 07 hotel txarriduna elfoibar sanlo eslovenia koper

2018 07 07 hotel txarriduna elfoibar sanlo eslovenia koperikurrinagaz2