Maider Mantecon Gipuzkoako txapeldun zaldi jauzian

Barren.eus 2018ko uzt. 10a, 16:29

Donostiako Loyola Hipika taldeko kide den Maider Mantecon elgoibartarrak irabazi zuen Gipuzkoako zaldi-jauzi txapelketa, metro erdiko garaierako oztopoen kategorian.

Gipuzkoako Hipika Federazioak antolatuta, Gipuzkoakoko zaldi-jauzi txapelketa jokatu zuten Errenteriako Listorreta Hipikan, joan den ekainaren 3an. Oztopoak lurretik dauden altueraren araberako mailetan lehiatu ziren parte hartzaileak, eta 0,5 metroko altuerako kategorian Maider Mantecon elgoibartarrak eta Xiri zaldiak irabazi zuten txapelketa. (ikus maila desberdinetako irabazleak -PDF)

Hipika txapelketetan hainbat oztopo gainditu behar dira ahalik eta denbora laburrenean. Oztopo bat edo oztopo zati bat botaz gero, puntuak pilatzen dituzte zaldunek, eta zaldiak oztopoaren aurrean atzera egiten badu ere puntuak jasotzen dira. Gipuzkoako Txapelketan bederatzi oztopo gainditu behar zituzten parte hartzaileek eta Manteconek eta Xirik punturik ez lortzeaz gainera, lanak amaitzen azkarrenak izan ziren 0 puntu lortu zituztenen artean.

•Susto txiki bat hasieran
Maider Manteconek 15 urte ditu eta 2014an egin zituen lehen pausoak afizio honetan. Betidanik gustatu izan zaizkio zaldiak eta aurrez ere zaldi gainera igota bazegoen ere, 2014an jaso zuen hipikako lehen eskola. Gurasoek Donostiako Loyola Hipika elkarteak eskaintzen dituen zaldi gaineko ikastaro baterako izenematea oparitu zioten bere urtebetetze egunerako, eta oroimenean ondo iltzatuta dauka egun hura. Estreineko aldia izan zelako eta susto txiki bat izan zuelako ere bai. Sustoak susto, zaldi artean jarraitu du harrezgero eta zaldi jauzian trebatzen. Parte hartu duen estreinako txapelketa ofiziala izan zen Gipuzkoako Txapelketa. 
Era askotariko kirolak egiteko aukera dago Elgoibarren, besteak beste, ia hogei kirol talde federatu baitaude herrian. Hala ere, bistan da, hemen praktikatu ezin daitezkeen kirol askotan dihardute elgoibartarrek: gimnasia erritmikoa, golfa, motoak, parapentea, arroila jaitsierak, eskia, e.a.

2018 07 10 maider mantecon elgoibar hipika gip txap

maider mantecon elgoibar hipika gip txap podium

2018 07 10 maider mantecon elgoibar hipika gip txap zaldian