XI. Javier Ezenarro Oroitzarrean parte hartu zuten junior mailako 108 txirrindulariek bi aldiz Osintxuraino joan eta birritan igo zuten Kalbarioko gaina, 85 kilometroko ibilbidean. Aldapa gora Miguel Arroyo txirrindulari mexikarra izan zen indartsuena. Aterpref Junior Team taldeko txirrindularia lasterketa buruan pasa zen Kalbario mendatera egin zituzten bi igoeretan. Bigarrengo igoeran gainera, 30 segunduko aldea atera zien jarraitzaileei. Beherakoan, baina, elkar hartu zuten Andoni Azkaratek (Portabicis.com) eta Xabier Isasak (Bellota-Goierri), eta helmugara iristeko 500 metroren faltan harrapatu zuten Arroyo mexikarra. Mendaroko kaleetan jokatu zuten esprintean Andoni Azkarate arrasatearra izan zen azkarrena, Isasak eskuratu zuen bigarren postua eta hirugarren egin zuen Arroyok.
Mendiko sailkapenean Arroyo izan zen onena eta taldekakoan Ampo-Goierriko TB taldeak lortu zuen garaipena. (ikus hemen sailkapenak)
Iaz jokatu zuten lasterketan Aitor Larrañaga (Victor Alvarez Construcciones) txirrindularia gailendu zen esprintean, aita mendaroarrea duen txirrindulari donostiarra, hain zuzen ere. Aurtengo lasterketa irabazi duen Azkaratek ere senideak ditu Mendaron eta pozarren zeuden amaieran.