Leire Garate Euskotren Ligan arituko da Orioko traineruarekin

Barren.eus 2018ko uzt. 4a, 08:24

Emakumeen arrauneko gorengo mailan lehiatuko da Leire Garate elgoibartarra, Orioko traineruarekin. Orioko taldeak Hondarribia, Arraun Lagunak eta San Juan izango ditu aurkari Emakumezkoen Euskotren Liga eraberrituan.

2018ko Euskotren Ligarako sailkapen estropadak jokatu zituzten joan den asteburuan Zierbenako uretan, Petronor Banderan. Hurrengo asteetan lehiaketan parte hartuko duten lau ontzien izenak erabaki ziren estropada horretan: Orio, Hondarribia, Arraun Lagunak eta San Juan dira 2018ko Euskotren Ligan lehiatuko diren lau taldeak.
Sailkatzea lortu duten lau ontziek hamabi estropadatan hartuko dute parte: A Coruña (2), Donostia, Castro Urdiales, Pasaia, Orio, Getxo, Santurtzi, Ondarroa, Hondarribia eta Zarautz (2). Zortzitik hamalaura igo dute aurten estropaden kopurua eta lehen aldiz Galiziako uretara bidaiatuko du lehiaketa honek.
Hortaz, arraunaren gorengo mailan lehiatzeko aukera izango du Orio Babyauto taldeko arraunlaria den Leire Garatek (Elgoibar, 1988). Ondarrun eman zituen aurreneko pausoak, bateletan, eta azken urteetan, Orion dihardu (irakurri hemen Leire Garatek BARREN aldizkariari 2012an eskaini zion elkarrizketa -832. zenb PDF-)

•Ilusio handiarekin
Denboraldia ilusio handiarekin eta sasoi betean hasi dute bai Oriok eta bai Garatek. Orioko trainerillak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen joan den maiatzean Mutrikun eta ontzia osatu zuten zazpi arraunlarietako bat izan zen Garate. Oriok era berean, etengabeko hobekuntza erakutsi du azken urteetan, eta aurtengo denboraldian berriz ere koska bat edo bi nabarmen egin dute gora. Euskotren Ligan sartzea zuten denboraldiko lehen helburua, eta lortu dute.
Txapelketa berritu honetan lehiatzeko gogoz dagoela azaldu du Leire Garatek. "Gizonezkoen Ligarekin parekatu nahi izan dute eta egin dituzten aldaketen ostean emozio handiagoko txapelketa izango duela uste dut". Besteak beste, lehian dauden lau traineruetatik batek jaitsierarako kanporaketa jokatuko baitu amaieran. Estropada denak itsasoan izango dira, aurreko urteetan ibaietan ere jokatzen baitzituzten proba batzuk. Estropada denak telebistaz emango dituzte.

2018 07 02 20180527 EAMutriku Euskadiko Trainerila Txapelketa karkara