Esloveniako Eurofest eskubaloi txapelketan hartuko dute parte Sanloko infantilek

Barren.eus 2018ko uzt. 2a, 10:36

Sanloko Hotel Txarriduna infantil mutilen taldea Eurofest eskubaloi jaialdian lehiatuko da Esloveniako Koper herrian, uztailaren 3tik 8ra bitartean.

Hotel Txarridunak Frantziako Uodl H.B., Israelgo selekzioa eta Esloveniako bi talderen aurka jokatuko du, gutxienez, 26. Eurofest txapelketa entzutetsuan. 11 eta 17 urte bitarteko ia 200 talde eta 3.000 jokalaritik gora lehiatuko dira aurtengo Eurofest jaialdian.

Duela urte batzuk, 2013an, Sanloko bi taldek hartu zuten parte txapelketa honetan, Sanlok nazioartera egin zuen estreinako irteeran. Oraingoan infantil mutilen (2004an jaiotakoak) Hotel Txarriduna taldekoak dira esperientzia hau bizitzeko aukera izango dutenak.

•Zozketako sarituak

Bidaia hau egin ahal izateko, besteak beste, errifak atera eta saldu zituzten. Zozketa egin ostean irabazleak zein izan diren jakitera eman dituzte. 1037 zenbakiak jaso du lehen saria: Txarriduna Hotelean jatordua. 1960 zenbakiaren jabeak bigarren saria (Landa jatetxean jatordua) eta 810 zenbakiak hirugarren saria (Sigma jatetxean jatordua). "Mila esker egitasmo hau egi bihurtzea lortu duten gurasoei, Txarriduna hotelari eta jokalariei, eta mila esker errifak erosi zenituzten guztioi ere", esan dute Sanloko arduradunek.