Mayi Mujikak Espainiako Kopako hirugarren postuari eutsi dio Flysch Trailean zazpigarren eginda

Barren.eus 2018ko eka. 27a, 15:17

Mayi Mujika zazpigarren postuan sailkatu zen Zumaia Flysch Trail mendi maratoian (42 Km. +2.250 metro). Gainera, mendi lasterketen Espainiako Kopako sailkapen nagusiko hirugarren postuari eutsi dio, azken lasterketa jokatzeko faltan.

Zumaiako Flysch Traila, mendi lasterketen Espainiako Kopako laugarren proba jokatu zuten domekan. Walther Becerrak eta Sandra Sevillanok irabazi zuten mendi maratoia. Emakumezkoetan, Sevillano santurtziarra eta Vanesa Pelaez andoiandarra aritu ziren garaipenerako lehian. Azkenean Sevillanok irabazi zuen lasterketa. Santurtziko antxitxikariak Espainiako Txapelketa irabazi zuen duela hilabete, eta duela hiru urteko maila berreskuratu du, haurnaldiagatik kirol ibilbidean etena egin ondoren. Mendi lasterketen Espainiako Kopako lidergoa ere eskuratu du Sevillanok Zumaian parte hartu ez zuen Bel Calerori aurrea hartuta. Bien atzetik da Mayi Mujika elgoibartarra, sailkapen nagusiko hirugarren postuan.

• Nahi baino aldapa gutxiago

Zumaiako proba bere ezaugarrietara bete-betean egokitu ez arren, Mayi Mujika pozik da estreinako parte hartzean lortutako zazpigarren postuarekin. "Lasterketa gogorra izan da eta asko sufritu dut, batez ere oso azkar joaten delako. Erritmo bizian egiten den proba da eta ni desiatzen nengoen aldapa gogorren bat igotzeko. Kontua da, ibilbidean ez dagoela mendi edo aldapa esanguratsurik. Andutz da igoera gogor bakarra eta magalera ailegatu naizenerako indarrik gabe nengoen, hustuta, generaman erritmoagatik", azaldu du. Beroak proba gogortu duela ere aipatu du Mujikak.
Espainiako Kopako bosgarren eta azken proba Zumaiakoaren antzerakoa izango dela uste du Mujikak, "azkar ibiltzen diren korrikalarientzat egokia eta berora ondo moldatzen direnentzako aproposa". Izan ere, abuztuaren 5ean jokatuko da Cursa Per Muntanya Vistabella, Castellonen. Mendi lasterketetako euskal selekzioa ordezkatzen duen Mujika sailkapen nagusiko hirugarren postuan ailegatuko da azken proba horretara eta ilusioa egingo lioke postu horri eusteak. Bost probak osatzen dute Kopa eta lau emaitzarik onenak hartzen dira kontuan azken sailkapenerako.

Malagan jokatu zuten estreinako lasterketa, Trail Cara Los Tajos, eta bosgarren postuan sailkatu zen Mayi Mujika. Segidan, Garganta de los Infiernos lasterketan hartu zuen parte, Jerten (Caceres, Espainia) eta laugarren egin zuen han. Hirugarren lasterketan, Tarragonan jokatu zen La Cursa Panxampla, hirugarren postua lortu zuen. 

2018 06 24 flysch trail zumaia mayi mujika baleike v2 2018 06 24 flysch trail zumaia mayi mujika baleike v1

*Argazkiak: baleike.eus 

∞ Lotura duten albisteak: