Nerea Sasiainek laugarren postua lortu du Espainiako Atletismo Txapelketan

Barren.eus 2018ko eka. 26a, 11:57

Hamazortzi urtez azpiko Aire Libreko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan Xixonen. Nerea Sasiainek laugarren postua eskuratu zuen 400 metroko lasterketan, pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketan lortu zuen postu bera, alegia.

Mintxeta Atletismo Taldeak bi ordezkari izan ditu 18 urtez azpiko Aire Libreko Espainiako Atletismo Txapelketan. Batetik, Nerea Sasiain 400 metroko lasterketan lehiatu zen. Zapatuan jokatu zituzten finalerdietan lehen biak sailkatzen ziren finalerako eta elgoibartarrak aise lortu zuen helburua, bigarren sailkatuta, 58 segundo eta 58 ehuneko denbora eginda. Laura Centella izan zen serieko azkarrena (57.41). Sasiainek korritu zuen seriea izan zen jokatu zituzten hiruretan azkarrena, hirugarren eta laugarren sailkatuek ere lortu baitzuten finalerako txartela, denborengatik.

Domekan jokatu zen finalean Playas de Castellon taldeko Andrea Jimenezek irabazi zuen urrezko domina, joan den martxoan Antequeran (Malaga, Espainia) jokatu zuten pista estaliko Espainiako txapelketan ere urrea lortu zuen Jimenezek, Espainiako errekorra onduz gainera. Lasterketa hartako protagonista berberak izan ditu oraingoak. Carmen Aviles andaluziarrak egin zuen bigarren Malagako finalean eta Laura Centellak hirugarren. Xixonen postuak elkartrukatu dituzte, bigarren izan baita Centella eta hirugarren Aviles. Era berean, Nerea Sasiain elgoibartarrak Malagan lortutako postua errepikatu du Xixonen. Mintxetako saltakariak 56 segundo eta 73 ehunekotan egin zuen korrika. (hona finaleko sailkapenak). 

Duela bi asteburu Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuan parte hartu ahal izateko gutxieneko marka egin zuen Sasiainek. Horri esker, seniorrekin lehiatzeko aukera izango du Aire Libreko Espainiako Atletismo Txapelketan. Getafen jokatuko da uztailaren 21 eta 22an.

• Martin Hernandez ezin finalera sailkatu

Martin Hernandez izan zen Mintxetako beste ordezkaria Xixonen. Hernandezek 800 metroko lasterketan hartu zuen parte. Finalerdietan laugarren postuan sailkatu zen bere seriean (1:58.20) eta ezin izan zuen finalerako sailkatzerik lortu. (ikus finalerdietako emaitzak)

 mikel anakabe nerea sasiain mintxeta elgoibar xixon

∞Lotura duten albisteak: