Haundi mailaz igo da Durangoko Kulturalak Bigarren B Mailara igotzea lortu eta gero

Barren.eus 2018ko eka. 24a, 20:54

Durangoko Kultural eta Portugalete futbol taldeek Bigarren B Mailara igotzeko azken kanporaketako itzulerako partidak jokatu dituzte gaur. Durangarrek etxean jokatu dute Kanaria Handiko San Fernandoren aurka eta 2-0 irabazi dute (0-1 irabazi zuten itzulerakoan). Euskal talde bat Bigarren B Mailara igo izanak 'domino efektu' modukoa eragin du beheragoko mailetan eta Haundi izan da onuradunetako bat.

Portugalete eta Durangoko Kulturala futbol taldeek zale asko izan dituzte azken asteetan Portugaletetik eta Durangotik kanpo ere. Izan ere, bietako batek Bigarren B Mailara igotzea lortuz gero, beheragoko mailetan diharduten euskal taldeetan ere eragina izango zuen. Horietako bat zen Haundi. Taldeko hainbat jokalari, zuzendaritzako kide eta zale dezente izan dira gaur Tabira futbol zelaian, Durangoko Kulturalak eta San Fernandoren arteko neurketa zuzenean ikusten. Eguerdian jokatu dute partida. Igoera fase luze eta nekagarriaren amaieran bila zebiltzan saria eskuratu du Durangoko taldeak zaleen aurrean, 2-0 irabazita. Honenbestez, kluba sortu zeneko mendeurrena Bigarren B Mailan jokatuko dute durangarrek. Beste muturreko egoera bizi izan zuen C.D. Elgoibarrek iaz, mendeurrena ospatu zuen urtean. Inoiz egon den mailarik baxuenera jaitsi zen Haundi. Urtebeteren ostean, Ohorezko Erregional Mailara itzuli da Haundi.

Elgoibarren moduan, Ordizian ere ospatu dute Durangoko Kulturala taldearen lorpena, Hirugarren Mailara igotzea lortu baitu Ordiziak.

Haundik hirugarren postuan amaitu zuen Liga txapelketa, igoerarako kanporaketak jokatzeko aukera ematen zuten lehen bi postuetatik kanpo. Igoerarako kanporaketa berri bat jokatzeko aukera izan zuen gero. Elgoibartarrek Andoiango Euskalduna taldea izan zuten aurkari eta Euskalduna kanporatuta bizirik mantendu zituzten igoera lortzeko aukerak. Hori bai, hortik aurrera ez zegoen Haundiren esku, eta goragoko igoeretako kanporaketen emaitzei adi egon dira azken hilabetean, harik eta gaur argitu den arte Haundiren etorkizuna.

• Denboraldiaren balantzea

C.D. Elgoibarreko Jon Basurtok uste du denboraldi oso ona egin duela Haundik, batez ere denboraldiaren bigarren zatia goraipatu du, Eguberrietako atsedenaren ostean partida bakarra galdu baitzuen taldeak. Herriko jokalarien alde eginiko apostuari ere duen garrantzia aitortu dio Basurtok. "Elgoibarko hamalau jokalari izan ditu Haundik eta erregionalean eta jubenilen taldean dabiltzan sei jokalarik egin dute debuta talde nagusiarekin.

*Argazkiak: C.D. Elgoibar

2018 06 24 haundi cd elgoibar mailaz igo ospakizunak durango

2018 06 24 haundi cd elgoibar mailaz igo ospakizunak

2018 06 24 haundi cd elgoibar mailaz igo ospakizunak bazkaria