Nerea Sasiainek Espainiako senior txapelketarako gutxieneko marka lortu du

Barren.eus 2018ko eka. 20a, 11:55

Asteburu oparoa izan da Mintxeta atletismo taldearentzat. Atleta elgoibartarrek Espainiako Atletismo Txapelketa absoluturako gutxieneko marka bat, zilarrezko domina bat Gipuzkoako Txapelketan eta bost marka pertsonal ondu dituzte.

Emaitza bikainak lortu dituzte Mintxeta Atletismo Taldeko kideek joan den asteburuan, baina guztien artean Nerea Sasiainek lortutakoa nabarmendu behar da. Espainiako Kluben Arteko Ohorezko Mailako proba batean lehiatu zen Valladoliden, Bidasoa atletismo taldea ordezkatuz, -Bidasoaren filiala da Mintxeta A.T.-, eta ia segundo erdian ondu zuen bere marka pertsonala 400 metroko lasterketan. Bosgarren postua lortu zuen 56 segundo eta 22 ehuneko denbora eginda. Marka horri esker, senior mailako Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartzeko aukera izango du atleta gazteak, 56.40 baitzen gainditu beharreko gutxieneko marka (ikus gutxieneko markak). Uztailaren 21 eta 22an jokatuko da Aire Libreko Espainiako Atletismo Txapelketa Getafen. 

• Ander Armendia txapeldunorde Gipuzkoako Txapelketan
Hogei urtez azpikoen Gipuzkoako Atletismo Txapelketa jokatu zuten ekainaren 16an, Donostian. Mintxetako kide Ander Armendiak 400 metroko lasterketa korritu zuen eta bigarren postua eskuratu zuen, 52 segundo eta 28 ehuneko denbora eginda. Zilarrezko domina irabazteaz gainera, bere marka pertsonala ondu zuen. Era berean, 200 metroko proban ere lehiatu zen antxitxikari elgoibartarra eta hor ere bere marka ondu zuen, 23.12 segundoko denbora eginda. Mintxetako beste bi kidek ere ondu zituzten markak Gipuzkoako Txapelketan. Maialen Izagirrek 300 metroko lasterketan (47.65) eta Lorea Cabellok 100 metroko proban (15.69). Mintxetako gainerako ordezkariei dagokionez, Iosu Sabchezek 14. postua lortu zuen 100 metroko esprintean (12.45) eta Cristina Marcosek 20. postua 300 metroko lasterketan.
Espainiako Txapelketa, datorren asteburuan
18 urtez azpikoen Aire Libreko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatuko da ekainaren 23an eta 24an Xixonen. Mintxetak bi ordezkari izango ditu, Martin Hernandez eta Nerea Sasiain. Lehenak 800 metroko lasterketan hartuko du parte eta 400 metrokoan bigarrenak. Mintxetatik jakinarazi dutenez, bi atletak pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketan, Malagan, lortu zituzten emaitzak hobetzeko itxaropenarekin doaz Asturiasera.

2018 06 19 ander armendia mintxeta elgoibar

∞Lotura duten albisteak: