Barakaldoko Zuazo eskubaloi taldean jokatuko du June Loidi elgoibartarrak

Barren.eus 2018ko eka. 18a, 18:57

Emakumeen eskubaloiko goreneko mailan arituko da hurrengo denboraldietan June Loidi Etxaniz. Sanloko 18 urteko jokalari elgoibartarrak Espainiako Ohorezko Mailan diharduen C.B. Zuazo taldean lagata jokatuko ditu hurrengo lau denboraldiak.

June Loidik jubeniletatik seniorretara egingo duen jauzia ez da edonolakoa izango, emakumeen eskubaloian goreneko mailan ari den Barakaldoko Zuazo taldeak fitxatu fitxatu baitu hegaleko elgoibartarra. Sanlo kirol taldeak jakinarazi duenez, C.B Zuazorekin akordioa sinatu dute eta Loidik lagata jokatuko ditu Zuazon hurrengo lau denboraldiak. Sanlok zorterik onena opatu dio Loidiri, "bai profesionalki eta bai pertsonalki" Barakaldon hasiko duen ibilbide berrirako.

• Denboraldi aparta
Zuazorekin hasi baino lehen beste erronka handi bat izango du June Loidik, jubenil mailako Munduko Txapelketan parte hartuko baitu Espainiako selekzioarekin. Polonian jokatuko dute Munduko Txapelketa, abuztuan. Senior mailako Euskadiko Eskubaloi selekzioak ere deitu zuen Loidi orain gutxi, Nahia Legorburu taldekidearekin batera, biak Tecnifuelleko jokalariak. Erraz ahaztuko ez duen denboraldia izan da June Loidirentzat. Espainiako Txapelketako Zortziko finala jokatzera ailegatu zen Tecnifuellerekin. Gero, Espainiako eta Euskadiko selekzioen deia jaso zuen, eta orain elitean lehiatzeko aukera izango du datorren sasoian.
Zuazo talde indartsua eta gaztea osatzen ari da datorren denboraldirako, orain arteko kapitain Oihane Gilek eta Patri Elorza moduko jokalariek taldea eta eskubaloia laga berri baitute. Hori dela-eta, jokalari gazteenei kontratua berritu eta beste hainbat fitxatzen ari dira, besteak beste, Sladjana Perazic Montenegroko jokalaria, Ana Encina legazpiarra, Anne Erauskin ermuarra edo Kordobako jokalari Alba Sanchez fitxatu dituzte.
Amaitu den denboraldian zazpigarren postuan amaitu du Zuazok Espainiako Ohorezko mailako Liga Txapelketa (Liga Guerreras Iberdrola). Donostiako Bera Bera taldeak irabazi zuen Liga txapelketa, bosgarrengoz.

2018 06 18 june loidi sanlo elgoibar inaki aragon∞Lotura duten albisteak: